Iaz Itsasu (Lapurdi) bisitatu ostean, Lekeitiora bueltatuko da Irailekoak. Euskaltzaindiak 2023an antolatu zuen poesia-jaialdiaren estreinako edizioa, Lekeition bertan, eta hastapeneko asmoei eutsiz, kostaldeko herrian izango da 2025ean ere. Honela, irailaren 26tik 28rako egitaraua prestatu du Euskaltzaindiak, Lekeitioko Udalaren babesarekin.
Euskararen Akademiak, literaturari dion atxikimendua adierazte aldera, poesiari eskainitako hirugarren asteburua antolatzea deliberatu du, hastapeneko helburuei eutsiz. Horrela, Euskal Herri osoarentzat antolatuko da Irailekoak, poesiak bere toki-denborak izan ditzan gure artean. Era berean, Euskal Herrian antolatzen diren orotariko literatura jardunaldien egutegia osatu nahi du jaialdiak; horretarako, Euskal Herriko olerkarien eta beste bazter batzuetako poeten lanak hauspotu eta aztertuko dira jaialdiaren aurtengo edizioan.
Egitasmoak euskal poeten lana gizarteratzea du xede, dela hitzaldien edo irakurraldien eskutik, dela errezitaldien bidez. Halaber, beste bazter batzuetako poetek ere hartuko dute parte. Poesiarekin batera, beste kultura-adierazpide batzuk uztartuko dira, hala nola musika eta artelanak. Egitarauaren zehaztasunak irailean emango ditu Euskaltzaindiak.
Jarduera gehigarriak
Lekeition poesiari presentzia handiagoa emateko, garai eta geografia askotako egileen bertso-lerroz jantziko dira herriko erakusleihoak udaldian. Tartean, Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, José Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suárez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edo Alejandra Pizarnik-en bertsoak erakutsiko dira, merkatarien Kitto elkartearen laguntzaz. Recreativa elkarte ezagunaren laguntza ere izango du Euskaltzaindiak, beraien egoitzan egingo direlako ekitaldi nagusiak.
Gainera, eta iraileko egun horietan egindakoaren lekukotza jasotzeko, Iraileko paperak aldizkaria plazaratuko da, oroigarri intelektual-poetiko gisa. Jaialdian parte-hartuko duten olerkari eta ikusleen artean banatuko da aldizkaria.