Euskararen Historia Sozialaren inguruko erreferentzia bibliografikoen datu-basea eguneratu du Euskaltzaindiak, HABErekin lankidetzan. Oraingo honetan, Hizkuntzalaritza Aplikatua saileko erreferentziekin eta Euskal Bibliotekakoekin (historia eta politikako liburuak, biografiaren bat...) aberastu da, guztiak HABEren liburutegian katalogatutakoak.
HABE Liburutegiaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzari esker, Euskararen Historia Sozialaren inguruko erreferentzia bibliografikoen datu-base hau etengabe eguneratzen eta elikatzen da, eta euskararen historia soziala interesatzen zaion edonorentzat da baliagarri, batez ere, gure hizkuntzaren historia soziala aztertzen duten ikertzaileentzat.
2011n argitaratutako Euskararen Historia Soziala (EHS). Argibide bibliografikoak izeneko liburuaren inguruan eratu zen datu-basea, betiere jakite-eremu horretarako (hots, euskararen historia soziala) baliabide argitaratuen ezagutza hedatzeko asmoarekin. Euskaltzaindiaren webgunean kontsulta daiteke (Hizkuntza-baliabideak atalean), eta kontsultak errazteko hiru modu ematen ditu: egilearen arabera (gaur egun 2.694 egile), gako-hitzak erabiliz (2.462) edo ikerlanaren izenburua jarriz.
Zer da Euskararen Historia Soziala (EHS) egitasmoa? Euskaltzaindiaren iker-lerroetako bat da. Hizkuntzen historia sozialaren xedea da historian zehar gizartean hizkuntza ezberdinek izan duten erabilera eta tokia aztertzea. Beraz, EHSren helburu nagusia da euskarak iraganean izan duen espazio soziala aztertzea. Honela, nola iraun duen jakinik, zein testuinguru sozialean eta ekonomikoan, etorkizuneko hizkuntza-plangintzak finkatzeko ezinbesteko informazioa izango dugu. Finean, EHSren xede nagusia da euskararen 1980ra arteko historia soziala idaztea.