Arabako Foru Aldundiak eta Euskaltzaindiak egitasmo mamitsua aurkeztu dute gaur Gasteizen: Euskararen Biziberritzea Araban (EBA). Bertan, Araban euskara biziberritzeko XX. mendeko 60. eta 70. hamarkadetatik gaur egun arte egin den bidea aztertu nahi izan da. Zehatzago, hiru dira helburu orokor horren jomuga zehatzak: euskarak Araban egin duen bidearen historia sistematikoki bildu; jasotako informazioa sistematizatu eta artxibo bat osatu; xede hezitzaile zein aktibatzailearekin, informazioa gizartean eta, bereziki, belaunaldi berrietan zabaldu. Egitasmoa osatzeko lanak 2027ra arte luzatuko dira.
Agerpenean izan dira Iñaki Gurtubai Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatua, Sagrario Aleman Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeko burua eta Iñaki Martínez de Luna Euskara Biziberritzea Araban egitasmoaren zuzendaria. Sagrario Alemanek eskerrak eman dizkio Arabako Foru Aldundiari, proiektua bideratzeko emandako laguntzagatik. Euskaltzain osoak pisuzko proiektua dela esan du prentsaurrekoan: «Biziberritze prozesuan aritu zirenen aitortza jasotzen du proiektu honek, biziki garrantzitsua dena. Egin denaren ezagutza dugu, eta orain ahalegin eta testigantza hori hurrengoei transmititzea da etorkizuneko zereginetako bat. Beste lurraldeetan ere egokia litzateke antzerako zerbait egitea».
Bere aldetik, Iñaki Gurtubaik 2024an Euskaltzaindiarekin sinatutako hitzarmena ekarri du gogora, hitzarmen horren eskutik abiatu baitzen EBA. Proiektuaren beraren nolakotasunak ere aitortu ditu agerpenean: «Egitasmo hau tresna estrategikoa izango da euskararen biziberritze prozesuan sakontzeko. Euskararen erabilerari eta transmisioari buruzko informazioa jasoko da eta gizartearen esku jarriko da. Ezagutza sortuko dugu, eta ezagutza hori baliagarria izango da bide-orri hobeak eraikitzeko».
Sei elkarrizketa Euskaltzaindiaren webgunean
Iñaki Martinez de Luna ohorezko euskaltzainak eman ditu azalpen teknikoak, bera baita EBA egitasmoaren zuzendaria. Honela, egitasmoaren helburu nagusiak gogoratzeaz gain, orain arte eginiko lanak errepasatu eta erabilitako informazio-iturriak aletu ditu: «Euskarak Araban izan duen biziberritze prozesuaren historia osatzeko, nagusiki, honako informazio-iturriak erabili dira: datu estatistikoak, prozesuaren lekuko edo protagonista izan direnei egindako elkarrizketak, dokumentazio bibliografikoa eta biziberritzeko ahaleginen adibidea diren askotariko euskarriak (emanaldien kartelak, gomutagarriak, ekimen jakinen fitxak eta antzekoak)... Eta 2024an, nagusiki, honako bi informazio-iturri landu dira: informazio estatistikoa, Iñaki Iurrebasok landua; eta prozesuaren parte edo lekuko izan direnei egindako sei elkarrizketa (lekukotzak)».
Hona hemen orain arte elkarrizketatutako lekukoen izen-abizenak: Maria Jesus Aranguren, Pili Aristizabal, Koldo Biguri, Pako Eizagirre, Kepa Enbeita, Rafa Etxegarai, Rikardo Gonzalez de Durana, Lurdes Lekuona, Kepa Mendia, Maite Mendiburu, Felix Razkin eta Blanca Urgell.
Ikusten denez, «Araban, Arabatik eta arabarrentzat» eginiko proiektua da, Martinez de Lunak behin baino gehiagotan azpimarratu duenez. Azkenik, hurrengo urratsak ere gogoratu ditu Martinez de Lunak: «Egitasmoa gizarteratu nahi dugu, proiektuaren aurkezpenak eginez Arabako bi kuadrilletan; beste sei elkarrizketa ere egin nahi ditugu (bi berri Gasteizen eta beste 4 Arabako bi Kuadrilletan); EBAgunea elikatu eta osatuko dugu, eta kontakizuna zabaltzeko euskarri egokiak sortu eta dibulgazio formulak prestatu nahi ditugu».
Euskaltzaindiaren webgunean (Hizkuntza baliabideak = Sustapena = Euskararen Biziberritzea Araban) ikus daiteke orain arte eginiko guztia.