Hala ere, zenbaitetan horrelako esaldiak irakur daitezke sarean eta komunikabideetan: «Munduko azpitxapeldun izan zen birritan», «Nafarroako txapelketan azpitxapeldun izan ondotik lortu du Euskal Herriko txapela».
Horien ordez, honako molde hauek lirateke egokiak: «Munduko txapeldunorde izan zen birritan», «Nafarroako txapelketan txapeldunorde izan / bigarren geratu ondotik lortu du Euskal Herriko txapela».
Zer esanik ez dago, azpitxapel eta azpitxapelketa hitzak ez dira ageri hiztegian, noiz edo noiz horrelakoak erabili izan diren arren: «Txapelketan inolako partidarik jokatu gabe lortu zuen azpitxapela», «Ilusioz beteta joan arren, azpitxapelketarekin konformatu behar izan zuen».
Horrelakoak adierazteko, nahikoa izan daiteke honako molde hauek erabiltzea: «Txapelketan inolako partidarik jokatu gabe lortu zuen bigarren geratzea / txapeldunorde izatea», «Ilusioz beteta joan arren, txapelketan bigarren / txapeldunorde geratzearekin konformatu behar izan zuen».
Bide batez, gogoratu txapel hitzak ez duela -a itsatsirik. Beraz, «14 pilotari, txapelarik gozoenaren bila», «Zenbat txapela dituen galdetuta, ez dakiela erantzun du» eta antzekoen ordez, honelako moldeak lirateke egokiak: «14 pilotari, txapelik gozoenaren bila», «Zenbat txapel dituen galdetuta, ez dakiela erantzun du» .