Egitasmoa Nafarroako euskal idazle-talde baten ideia izan da. «Guztion kezka da euskal literaturak Nafarroako gizartean duen ikusgarritasunik eza. Uste dugu arazoa ez dela konponduko jardunaldi hauek eginda, baina, halaber, bide luze baten hasiera izan daitekeela uste dugu», adierazi zuen Castillo Suárez idazle eta euskaltzain osoak jardunaldien aurkezpenean.
Gaur egun aise zenbatu litezke Nafarroan —Nafarroa Garaian eta Nafarroa Beherean— ehun euskarazko literatur sortzailetik gora, belaunaldi eta literatur genero guztietarikoak. Kalitatekoak, ideologiaren eta bizibidearen aldetik anitzak, eta erabat homologagarriak mundu osoko idazleekin erkatuz gero. Hori dena argi geratu da joan den astean izan diren hitzaldi, mahai-inguru eta errezitaldietan.
Aldatu al da euskal idazlearen estatusa Nafarroan? Gaur egun, zertan dira Nafarroako euskal idazleak? Zer bilakabide izan du euskal literaturak Nafarroan azken 50 urteotan? Nafarroako gizarteak —gehienbat erdalduna, jakina denez—, ezagutzen al du aski errealitate hori? Euskarazko literatura lantzen egin diren ahaleginek izan al dute behar adina oihartzun gizartean? Neurri batean, galdera horiei erantzuten saiatu dira nafar-lurraldeko zenbait idazle.
Maiatzaren 8an, Koldo Izagirrek hitzaldi mamitsua (Lurralde berri bat) eman zuen, joan den mende erdian euskaraz argitaratu diren nobelen gaineko azterketa zabal-sakona eginez. Kritikarien begietatik ikusita, nobelagintza horrek izan dituen ezaugarriak eta literatur dohainak nabarmendu zituen, zorroztasuna eta ironia elkarrekin uztartuz. Berbaldian, Izagirrek Nafarroan gaur egiten den nobelagintza «ausarta, irreberentea, berritzailea eta desmitifikatzailea dela» esan zuen. Finean, «kontrasistema» bat osatu duela azpimarratu zuen, «idatzietan zein kapital sinbolikoan». Jon Alonsok prestatutako datu-sorta mardulak lagundurik eman zuen hitzaldia Altzako idazleak.
Ostiralean mahai-ingurua egin zen. Irati Jimenez idazleak gidatu zuen, eta hiru belaunaldi desberdinetako idazleek parte hartu zuten, hain zuzen, Angel Errok, Aingeru Epaltzak eta Oihane Zuberoa Garmendiak. Bi ekitaldi horiek Pinaquy areto ederrean egin ziren.
Larunbatean, poesia-errezitaldia izan zen Iruñeko Kondestable Jauregian: Lur bat zedarritzeko hitzak. Bertan, beren poemak irakurri zituzten Iosune de Goñik, Izaskun Igoak eta Esti Martinez Diaz de Ceriok. Errenazimentuko eta barrokoko musika egiten duen Danserie Ensemble taldearen azken piezak entzuteko parada ere izan zuten bertaratu ziren poesiazaleek.