Euskaltzaindiak Euskal Literatura Nafarroan (1975-2025). Sortzaileen begirada egitasmoa aurkeztu du gaur Nafarroako ordezkaritzan. Agerpenean izan dira Jabier Arakama Euskarabideko zuzendari-kudeatzailea, Sagrario Aleman Euskaltzaindiko Nafarroako ordezkaria eta Castillo Suárez idazle eta euskaltzain osoa.
Jabier Arakamak era honetako egitasmoen garrantzia azpimarratu du, baina aitortu du garrantzitsua dela, era berean, berehalako itzulpena baliatzea horrelakoetan, mezua erdal komunitateari ere helarazteko. Sagrario Alemanek erakundeetatik jasotako babesa eskertu du, eta esan du jardunaldi hauek baliagarriak izan daitezkeela nafar gizarteak euskal literaturaz eta, bereziki, nafar literaturaz pertzepzio handiagoa izateko. «Balio beharko lukete, baita ere, Nafarroako kultur eragile guztiak lurraldeko literaturaren egoerari gehiago erreparatzeko». Euskal literatura hauspotzea Hezkuntzaren zeregina ere badela gogoratu du euskaltzain osoak: «Hezkuntzaren egitekoetan ere sartzen da eta dei egiten dugu Euskaltzainditik, ikastetxeetan irakurzaletasuna pizteko neurri eraginkorrak har ditzaten. Denon artean prestigiatu eta ezagutarazi behar dugu euskaraz egiten den literatura, eta hori ere bada topaketa hauen helburuetako bat».
Azkenik, Castillo Suárezek jardunaldien nondik norakoak zehaztu ditu, kezka noiz eta non sortu zen azaldu duela: «Egitasmo hau 2023 eta, batez ere, 2024. urtean zehar hainbat bilera eta kontaktu egin zituen Nafarroako euskal idazle talde batena da. Guztion kezka da euskal literaturak Nafarroako gizartean duen ikusgarritasun eza. Uste dugu arazoa ez dela konponduko jardunaldi hauek eginda, baina, bidenabar, uste dugu bide luze baten hasiera izan daitekeela».
Esan liteke diktadurak ekarritako giro itogarritik hona euskal literaturaren egoera zeharo aldatu dela. Gaur egun aise zenbatzen ahal dira ehun euskarazko literatur sortzaile baino gehiago Nafarroan (Nafarroa Garaian eta Nafarroa Beherean), belaunaldi eta genero literario guztietakoak. Kalitatezkoak, ideologiaren eta bizibidearen aldetik anitzak, eta erabat homologagarriak mundu osoko idazleekin erkatuta.
Alabaina, aldatu al da euskal idazlearen estatusa Nafarroan? Gaur egun, zertan dira Nafarroako euskal idazleak? Zer bilakaera eduki du euskal literaturak Nafarroan azken 50 urteetan? Nafarroako gizarteak –gehienbat erdalduna–, ezagutzen al du aski errealitate hori? Euskarazko literatura landu eta sustatzeko egin den ahaleginak eduki al du behar adina oihartzun gizartean? Neurri batean, galdera horiei erantzutera datoz Iruñeko jardunaldiok. «Iruditu zaigu diktadura ofizialki amaitu zeneko berrogeita hamargarren urteurrena une egokia izan daitekeela erantzunen baten bila abiatzeko –gaineratu du Castillo Suárezek–. Eta, horretarako, komenigarria da literatur sortzaileen iritzia ezagutzea».
Egitaraua
Maiatzaren 8an, Koldo Izagirreren hitzaldia izanen da Pinaquy aretoan (San Frantzisko 5), 18:30ean: Lurralde berri bat. Izagirrek joan diren 50 urteetan euskaraz argitaratu diren nobelen gaineko azterketa zabala eginen du, eta izan dituzten kritikak aztertuko ditu. Horiek horrela, kritikarien begietatik ikusita, nobelagintza horrek eduki dituen ezaugarriak eta dohain literarioak nabarmenduko ditu. Hitzaldia, gainerako ekitaldiak bezala, publikoari irekia izanen da, interpretaritza zerbitzuarekin.
Ostiralean, maiatzak 9 dituela, mahai-ingurua izango da Pinaquy aretoan, 18:30etatik aurrera. Irati Jimenez idazleak gidatuko du, eta hiru belaunaldi desberdinetako idazleek parte-hartuko dute. Hain zuzen, Angel Errok, Aingeru Epaltzak eta Oihane Zuberoa Garmendiak.
Larunbatean, errezitaldia izanen da Kondestable Jauregian (Kale Nagusia, 2), 12etan: Lur bat zedarritzeko hitzak. Bertan, beraien poemak irakurriko dituzte Iosune de Goñik, Izaskun Igoak eta Esti Martinez Diaz de Ceriok. Errenazimentuko eta barrokoko musika egiten duen Danserie Ensemble taldeak girotuko du ekitaldia.