Euskaltzaindiak Euskera Ikerketa Aldizkariaren aurtengo lehen zenbakia (2025, 70-1) argitaratu du, eta, ohiko gai mamitsuez gain, bestelako berritasunak ere badakartza. Euskaltzaindiak Euskera Ikerketa Aldizkaria etengabe hobetzeko asmotan jarraitzen du, besteak beste, katalogo eta datu-base gehiagotan kokatu nahian eta aldizkariaren kalitate-adierazleak hobetu nahian ere bai. Oraingoan, azpimarratu behar da JCR (Journal Citation Reports) datu-basean indexatu dela. Hori horrela, Euskera Ikerketa Aldizkariaren webgunean zein katalogo eta datu-basetan dagoen eta kalitate-adierazleetan zein postutan dagoen adierazteko informazioa eguneratu da. Kalitate-adierazleak hobetzeak erakargarriagoa egiten du aldizkaria bera, baita bertan idazten duten ikertzaileentzat ere.
Mamiari dagokionez, Euskera Ikerketa Aldizkaria-ren zenbaki berriak zenbait disziplina jorratzen ditu:
Soziolinguistaren alorrean, Amelia Barquínek eta Karmele Pérezek UEMAko (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) hainbat herri euskaldunetako hezkuntza-komunitateetan gauzatzen ari den proiektu bat mamitu dute. Proiektu horrek euskara eta kulturartekotasuna sustatzea eta uztartzea du helburu, eta lana aurkeztu zutenean, Hego Euskal Herriko hogeita hamabi udalerritan martxan jarrita zegoen.
Literaturaren ikuspegitik, Oihane Calvok haur-poesiaren bultzatzaile nagusia izan den Juan Kruz Igerabide (Aduna, 1956) euskal idazlearen haur-poesiaren ezaugarriak aztertzen ditu, bere poemen analisi literarioaren bidez. Halaber, Igerabidek argitaratutako haur-poesia eta Espainiako haur-poesiaren ezaugarriak aurrez aurre jarri dira, azterketa konparatiboa eginez. Halaber, Paula Solanak, Harkaitz Canok 2021ean argitaratutako Kandelikara. Buñueli buruzko film baterako apunteak liburuaren azterketak narrazio postmodernoaren gakoak eta ideia nagusiak ulertzeko aukera eskaintzen du bere artikuluan.
Jabier Kaltzakorta euskaltzain osoak ere bere aletxoa utzi digu. Helburu bikoitza du markinarrak. Batetik, Louis Dassanceren funtsean dauden Jean-Baptiste Elizanburu idazle saratarraren hamabi olerki autografodun bildumaren berri ematea. Bestetik, erran delako bilduma horretako Harcho bati izenburuko lo-kanta ezezagun bat transkribatzea jatorrizko doinu eta letrarekin.
Hezkuntza eta Pedagogia arloan, Roberto Arias-Hermosok, Amaia Lersundik, Eneritz Garrok eta Ainara Imazek ikerketa bat egin dute eta horren helburua da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleek zientziaren eremuan euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez ekoizten dituzten argudioak maila diskurtsibo eta lexiko-gramatikalean aztertzea. Horretarako, DBH 3ko 34 ikaslek idatzitako testuetan argudiaketa-elementuak aztertu dira.
Joana Garmendiak adar filosofikoa landu du, zehatzago esanda, gezurraren interpretazioak. Gezurra zer den, edo gezurra esatea zertan datzan, argitzea da bere lanaren helburua.
Euskal filologiaren ikuspegitik, hiru autore ezagunek euskaraz idatzitako testu zaharrak aurkeztu eta aztertu dituzte.
Joseba Lakarrak, 1772ko data daraman Kontzepzioko Sermoia testua du aztergai. Lakarrak erakutsi digunez, Gasteizko Sancho el Sabio Fundazioan gordetzen den kopia hau (gutxienez) aurreko original baten zordun da —beharbada, tarteko kopia gehiagorena ere bai—. Orobat, hizkuntzaren analisiak, bereziki, bere lexiko hain markagarriaren azterketa xeheak, ia ezinbesteko egiten du Larramendiren eskutik atera zela ondorioztatzea.
Ekaitz Santaziliak Lizoainibarren (Nafarroa) agertutako euskal sermoi zaharren sorta bat aurkeztu du. Oraingoz, hango euskararen aztarna dokumental luze bakarra da. Aurkikuntza nola gertatu zen azaldu, eta corpusa deskribatu, datatu eta katalogatu du.
Eneko Zuloagak Mikoletaren Modo breve de aprender la lengua vizcayna testuko txistukarien azterketa grafofonologikoa dakar: erdal txistukariak garaiko aldaketa-dinamiken arabera azaltzeaz gain, euskaraz <s>-ren erabilera zabala azaltzeko proposamena aurkezten du. Halaber, euskal txistukarien sisteman neutralizazio aurreratuaren zantzuak ere bazirela proposatzen du.
Zenbakiaren azken lana Andres Urrutia euskaltzainburuak eginiko liburu-aipamena da. Europako Iparraldeko herrialde batzuetako hizkuntza-eskubideez eta -zuzenbideaz informazio zehatza ematen duen Eduardo D. Faingoldek idatzitako Language Rights and the Law in Scandinavia: Sweden, Denmark, Norway, Iceland, the Faroe Islands, and Greenland da aztertu duen argitalpena.