Euskara Ibiltaria erakusketa interaktiboa Portugaleteko Santa Klara Kulturtegian izango da gaurtik hasi eta maiatzaren 23ra arte. Ekimenaren aurkezpenean izan dira Aingeru Fernández Portugaleteko Euskara zinegotzia; Alvaro Parro Laboral Kutxaren tokiko komunikazio teknikaria eta Adolfo Arejita euskaltzain osoa eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren zuzendaria.
Erakunde pribatu eta publikoen arteko elkarlanaren garrantzia nabarmendu dute erakundeen ordezkariek agerpenean. Horrez gain, egitasmoaren berezitasunak ere azpimarratu ditu Aingeru Fernandez Euskara zinegotziak, Euskara Ibiltaria «euskararen kolore guztiak agerian uzten dituen erakusketa» dela adieraziz. Gainera, erakusketa interaktiboa da Portugaleten antolatu dena, euskararen hitzak eta soinuak irakurtzeko, entzuteko, usaintzeko eta haiekin jolasteko aukera ematen duena. Bere aldetik, Alvaro Parrok esan du Portugaleten 4.000 lagunek erabiltzen dutela euskara egunero, eta datu horren garrantzia nabarmendu du. «Beraz -ekin dio Laboral Kutxako ordezkariak- erakusketa honek zubi-lana egin dezake Portugaleteko euskaldunen eta erdaldunen artean». Adolfo Arejita euskaltzain osoak erakusketaren ezaugarriak azaldu ditu bere berbaldian, baina transmisioan jarri du indarra: «Erakusketan garai bateko euskal mundua ageri da, mundu tradizionala, eta garrantzitsua da hori erakustea gaur egungo belaunaldiei, are gehiago Portugaleteko biztanleei, uribildua baita Portugalete. Honela, uribildua eta baserria uztartuko dira hemen» .
Mapak, jokoak, animazioak, entzungaiak...
Erakusketa ibiltariaren abiapuntua Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa da, eta azken urteotan plazaratutako argitalpenak azaleratu bezala, euskararen ugaritasuna eta aberastasuna erakustea du helburu (lexiko mailan, izen-morfologia zein aditz-morfologia esparruetan eta sintaxia alorrean). Hala, Euskaltzaindiak gizarteari itzuli egin nahi dio atlasa egiteko euskal gizartearengandik jasotako jakituria.
Erakusketa bost atal nagusitan banaturik dago —Tokiak, Materialak, Argia eta soinua, Natura, eta Bizitza—, eta atal bakoitza atlaseko mapen hautaketa batek hornitua da, hala, bisitaria begi-kolpe bakar batez hizkuntza-aldaera horien guztien jabe egingo da. Horrezaz ostean, jokoak, animazioak eta entzungai gisako tresnak ere erabiltzen ditu erakusketak herri-hizkeren aberastasunean murgiltzeko.
Esan bezala, zentzumenei eragiten dien erakusketa ere bada Euskara Ibiltaria: ikusmenaz gain, entzun egin daitekeena, uki daitekeena, dastatzekoa dena, usaintzekoa. Bisitariak, euskararen aberastasunaz ohartzeaz gain, hizkuntza-atlasa zer den ikusteko aukera izango du, eta, horren bidez, xix. eta xx. mendeetako bizimodua, gizartea eta ohiturak ezagutzekoa.
Euskararen Herri Hizkeren Atlasa
Halaber, erakusketaren mamia Euskararen Herri Hizkeren Atlasa den neurrian, Euskara Ibiltariaren xedea ere bada egitasmoaren historia gizarteratzea eta hizkuntza-atlasa lantzeko erabilitako metodologia, materialak eta bestelakoak ezagutzera ematea. Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) euskararen aniztasunaren berri ematen duen argitalpena da, Euskaltzaindiak argitaratua eta dagoeneko hamaika liburuki dituena. Proiektua xx. mendeko 80ko hamarkadan abiatu zen ikerketa baten bidez. Euskal Herriko 145 inkesta-puntu aukeratu zituzten (Araban herri bakarra, Bizkaian eta Gipuzkoan 36na herri, Nafarroa Garaian 27, Lapurdin 15, Nafarroa Beherean 18 eta Zuberoan 12 herri), 319 berriemaile eta 2.857 galdera; 1987. eta 1992. urte artean eginiko elkarrizketok, guztira, 5.000 ordutik gorako grabaketa-bilduma osatzen dute.
Ordutegiak eta bisita gidatuak
Erakusketa Ibiltaria gaurtik hasi eta maiatzaren 23ra arte egongo da zabalik. Doako bisita gidatuak egun eta ordu hauetan egingo dira:
- Maiatzaren 10ean (12:00etan)
- Maiatzaren 17an (12:00etan)
Bertaratu nahi duen orok telefono honetara deituz eman beharko du izena: 94 4729261. Edo, bestela, euskara@portugalete.org posta elektronikora idatziz.