Eguraldia lagun, iaz baino jende gehiago hurbildu da aurten Sarako ingurunera, Pazko Astelehenari etekina atera nahian. Ohi duen bezala, Euskaltzaindiak ez du hutsik egin eta hiru argitalpen aurkeztu ditu Idazleen Biltzarrean. Itxaro Borda euskaltzainburuordeak egin ditu sarrera-hitzak, eta Naroa Gorostiaga Euskararen Erakunde Publikoaren ordezkariak Akademiarekin duten hitzarmenaren nondik norakoak azaldu ditu, laburki. Ondoren, Txomin Peillen euskaltzain emerituaren saiakera hautatuak aurkeztu ditu Joseba Sarrionandia idazle eta euskaltzain urgazleak. Txomin Peillenen ezaugarri nagusia nabarmenduz hasi da Iurretako poeta: «Txomin Peillen poligrafoa izan zen, hau da, denetarik idatzi zuen euskaltzalea. Gutxi batzuk izan genituen XX. mendean, erreferentzialak izan ziren poligrafoak, eta Txomin izan zen horietako bat». Sarrionandiak gogoratu du Txominek berak esaten zuela hizkuntza minorizatuetan zerotik hasten direnak poligrafoak izan behar direla, «eta bera zerotik hasi zen euskara ikasten». «Poligrafo lan hori oso sakabanatuta argitaratu zuen idazle zuberotarrak -esan du Sarrionandiak-, aldizkari txiki eta desberdinetan; artikulu horiek denak biltzea lan izugarria litzateke, ezinezkoa dela ez esatearren. Hortaz, hautaketa partziala da nik egin dudana».
Jabier Kaltzakortak ere liburu interesgarria aurkeztu du Saran, hain zuzen, Martin Ducq misionesta baxenabartarraren Erroma eta Jerusalem bidaia-kontakizunaren edizio kritikoa. «Erroma eta Jerusalem bidaien kronika bat, edo, hobeki esanda, beila-kontakizuna da, apaizak beila edo erromesaldi bat egin baitzuen XIX. mendean, bidaia bainoago», azpimarratu du euskaltzain osoak. Eta bitxikeria bi aipatu ditu: «Hazparneko euskaraz idatzita dago, eta horrek eransten dio halako xarma berezia liburuari. Gainera, oso ondo idatzita dago, eta ale gutxi geratzen dira. Izan ere, hauxe da liburuaren bigarren edizioa».
Azkenik, Junes Casenave-Harigileren Zortzi pastoral berri lanaren bigarren zatia aurkeztu du Jean-Baptiste Coyos euskaltzain osoak. Iaz publikatutakoaren segida da aurtengoa. Orduko hartan, apaiz zuberotarrak idatzitako lau pastoral bildu zituen Coyosek (Agosti Etxekopar, Atarratze, Barkoxe eta Dabid), eta liburu berrian beste lau agertzen dira, hain zuzen, Judit, Larraine, Lüküze Xarles Laugerrena eta San Frantzisko Xabier. Coyosek esan duenez, «sekula publikatu eta jokatu ez diren lau pastoral ageri dira bigarren tomo honetan». Gainera, Allande Socarros kazetari eta euskaltzain urgazleak eta Jean-Louis Davant euskaltzain emerituak aspaldi idatzitako testuak ere azaltzen dira liburuan, Casenave-Harigileren lana eta bizitza hobeki ulertzen laguntzen dutenak.