Argitaraldi honen berrikuntzarik garrantzitsuena Euskaltzaindiak Euskara Batuaren Ortotipografia (EBO) onesteko hartutako arauetatik dator. Izan ere, Hizkuntza-zuzenbidea VI oro har egokitu da, Euskaltzaindiak onartutako 196., 197., 198. eta 200. arauen arabera.
«Oin-oharrei dagokienez, 4. eta 5. argitaraldietan esan genuen legez, ohartu gara paperezko argitaraldietan erabiltzen diren erreferentzia batzuk ezin daitezkeela argitaraldi elektroniko batean eman, berbarako, id. eta horrelakoak. Arrazoia begi-bistan da: testuok kontsultatu nahi dituenak id. erreferentzia bat ikusten badu argitalpen elektroniko batean testuinguru barik jasotzen du. Arazo hori saihesteko, oin-oharren testuak errepikatu egin ditugu, irakurleak testu batera jotzen duenean informazio osoa jaso dezan tekla-joaldi batez», adierazi du Gotzon Lobera legegile eta egitasmoaren koordinatzaileak.
67 testu gehiago
Testuen kopuruaz denaz bezainbatean, 5. argitaralditik hona 67 testu berri sartu dira. Laburbilduz, 2019ko argitaraldian 94 testu jaso ziren; hirugarren argitaraldi elektronikoan, 786 testu; laugarren argitaraldian 1.051 testu bildu ziren, bosgarren argitaraldian 1.102 testu jaso ziren, eta 6. argitaraldi honetan, 1.169. Hau da, 67 testu gehitu dira aurreko argitaraldiarekin erkatuz gero, eta 1.075 testu berri 2. argitaraldiarekin alderatzen badugu.
Argitaraldi honek hiru formatu ditu: argitalpen digitala, ePub formatua eta PDF formatua (azken formatu biotan argitalpen osoa eskura daiteke).
2019ko, 2021eko, 2023ko eta 2024ko edizioetan egin zen bezala, bilaketa zabalak egin daitezke 6. argitaraldi digital honetan, bai eta bilaketa murriztuak ere, eta, gainera, bilaketen emaitzak batera agerrarazi. Eginkizun hori erraztu eta zehatzago egin ahal izateko, 40.323 bilatzaile gordin landu dira.