Euskaltzaindiak dohaintzan jaso du 1988an Bitoriano Gandiaga poetak eskuz idatzitako poema bat: hain zuzen, bere lagun Juan Mari Lekuonari oparitu ziona, Akademiak euskaltzain oso izendatu baitzuen oiartzuar idazlea 1987an, eta urte bete beranduago irakurri zuen sarrera-hitzaldia (Erdi-ahozkotasunaren literatur estiloaz) bere jaioterrian.
Juan Mari Lekuona Oiartzunen (Gipuzkoa) jaio zen, 1927ko azaroaren 11n, eta Donostian (Gipuzkoa) hil zen, 2005eko abenduaren 5ean. Apaiza, Teologian doktorea eta Deustuko Unibertsitateko katedraduna izan zen. Euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskararen Akademiak 1963ko maiatzaren 18an, eta euskaltzain oso 1987ko abenduaren 18an.
Oianburu ezizena erabiliz, Zeruko Argia, Olerti, Egan eta El Bidasoa aldizkarietan idatzi zuen. Poeta moduan nabarmendu zen batez ere, baina bestelako lanak ere egin zituen. Euskaltzale eta euskal ikertzaile-familia ezaguneko kide (Manuel Lekuona euskaltzainburua zen bere osaba), ahozko euskal literatura aztertu zuen, ikerketa ugari onduz (Ahozko euskal literatura, 1982, Erein).
Andres Urrutia euskaltzainburuak «amultsuki» gogoratzen du Lekuona «euskaltzain kidea». «Akademiaren ekimenetan eta arduretan sendo, gure artetik joan aurreko boladan egin genion bisita Xabier Kintana euskaltzainak eta biok. Ohi bezalaxe, gozo hartu gintuen eta euren poesia lanei buruz hitz egin zigun. Poemen artean, bazen Gandiaga ohorezko euskaltzainarena. Juan Mari Lekuona Gandiagaren hilberri txostenaren egilea ere izan zen. Honela, poeta bitzuok estekaturik. Izan ere, Akademiaren literatura batzordearen kideek, Gandiaga hil ostean, Mendatan egin zuten, mendirik mendi, halako ibilbide poetikoa, haren sortetxera, Orbelaun baserrira. Eskuan zuten liburua, Gandiaga eta Mendata. Lekutan eta hutsik zen etxe hura sasien artean, baina poesia gailendu zen, beste behin ere, poetaren haur kabian», gogoratu du Andres Urrutiak.