Ikerketan, ezagutzaren transferentzian eta sustapenean dihardu Mintzolak 2022. urtetik. Honela, azken hiru urteotako ildoari jarraituz, ahozkotasunaren alorrean ikerketa sustatzeko deialdi berriak egin ditu Euskaltzaindiak, Mintzolaren eskutik.
Lehenengoan, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko hamar gradu- eta master-amaierako lan sarituko dira, bakoitzari 1.500 euroko zenbatekoa emanda (beraz, iaz baino bi sari gehiago); bigarrenean, aldiz, ikerketa-lan monografikoak hartuko dira kontuan eta bi sari banatuko dira, bakoitza 3.000 eurokoa.
Gradu- eta master-amaierako lanei dagokionez, deialdira aurkeztu daitezkeen egitasmoak 2024-2025 ikasturtean defendatuko diren lanenak izango dira, eta lanen egitasmoak PDF formatuan eta e-postaz bidali beharko dira ondoko helbide elektronikora: mintzola@euskaltzaindia.eus. Eskaerak eta lanen egitasmoak aurkezteko epea 2025eko apirilaren 30era artekoa izango da (hautatutako ikerketa-lanak eginda entregatu beharko dira 2025eko irailaren 30a baino lehen).
Ikerketa-lanei dagokionez, deialdi honetan ikerketa-lan monografikoen proiektuak onartuko dira, geroko tesiak bultzatzeko helburuz. Lanen proiektuak bakarka edo taldean aurkeztu daitezke. Nolanahi ere, unibertsitate-irakasle doktore batek bermatu behar du proiektua. Eskaerak eta lanen egitasmoak aurkezteko epea 2025eko maiatzaren 31ra artekoa izango da (hautatutako ikerketa-lanak eginda entregatu beharko dira 2026ko otsailaren 27a baino lehen).
Ahozko jardunari buruzko zazpi ikerketa-lerro lehenesten dira deialdi berrietan:
- Eguneroko hizkera: ezaugarriak.
- Eguneroko hizkera euskal komunitatean: corpusaren osaketa, mapak eta diagnostikoa.
- Gaztelera eta frantsesarekiko desoreka euskal gazteen eguneroko hizkerarako adierazkortasunean. Faktore horren eragina hizkuntza-hautuan.
- Hezkuntza araututik eta arautu gabeko hezkuntza edo aisialdi antolatutik eguneroko hizkerarako adierazkortasun-baliabideak sustatzeko bideak eta tresnak.
- Hedabideetatik eguneroko hizkerarako baliabideak sustatzeko bideak eta tresnak.
- Euskalkiak eta estandarra ahozko hizkeraren funtzioetan: jardunbideen azterketa eta jarraibide batzuk sortzeko oinarriak.
- Hitanoaren diagnostikoa eta hikako moldearen erabilera sustatzeko bideak eta tresnak.
Era berean, deialdiaren inguruko alderdiei buruzko galderak honako helbide elektroniko honetara bidali behar dira: mintzola@euskaltzaindia.eus
Orain arteko lan sarituen zerrenda:
- Elgoibarko 16-30 urte bitarteko gazteen hizkuntza mudantzak / Ane Iriondo (GRAL 2022)
- Pulunpa (e)ta Xin! Erdal jatorria duten ikasleentzako harrera- eta murgiltze-plana / Odei Guirado (GRAL 2022)
- Beasaingo gazte-hizkera aztergai / Maddi Aiestaran (GRAL 2023)
- Hizkuntza nahasmenduaren aztarna bila euskaraz / Ainhoa Leyaristi (MAL 2023)
- Iruñerriko gazteen hizkera / Audrey Serrano (MAL 2023)
- Ergatiboaren erabilera euskara-gaztelania kode-alternantzian / Endika Uriarte (MAL 2023)
- Aldude-Urepeleko mintzoa / Oier Urreizti (MAL 2023)
- Adinaren araberako bariazio lexikoa Imozko hizkeran / Alazne Fernandez de Muniain (MAL 2023)
- Adierazkortasuna lantzeko proposamen didaktikoa: imitazio jolasak / Iñigo Otaegi eta Jon Basauri (MAL 2023)
- Kode-alternantziaren erabilera eta jarrerak euskaldunengan / Mikel Pérez (Ikerketa-lan monografikoa 2023)
- Hitz funtzional goiztiarrak. Haur euskaldun elebakarren hizkuntzaren jabekuntzaren azterketa / Garazi Dominguez (GRAL 2024)
- Euskal hizkeren erritmoa / Maddi Ormazabal (GRAL 2024)
- Hezkuntza formalean, aisialdi-antolatua eta ludikotasuna ardatz, euskarazko hizkera informalaren ikas-irakaskuntza. Zailtasunen gainetik onura anitz / Odei Guirado (MAL 2024)
- Nokaren higatzea Ortzaizen / Ana Jaunarena (MAL 2024)
- Goizuetan noka berreskuratzen hasteko ikerketa-proiektua (Ikerketa-lan monografikoa 2024)
Zer da Mintzola?
2022ko urtarriletik, eta askotariko eragileen babesa tarteko dela, Euskaltzaindiak abian dauka Mintzola egitasmoa. Egitasmoaren lan eremua euskaraz egiten den ahozko jarduna da, batez ere, euskarazko eguneroko hizkera. Honela, ikerketan, ezagutzaren transferentzian eta sustapenean jarduten du Mintzolak.