Euskaltzaindiak Lautan Hiru antzerki-gaualdia antolatuko du martxoaren 21ean, Baionan. Biltxoko espazioak (Augustins karrika, 9) hartuko du ekimena, eta saio berean bi ikuskizun emango dira, biak 19:00etatik aurrera: Pantzo Hirigarairen Dolu eta Markos Goikolearen Beren izenez. Sarrera doakoa izango da, aretoa bete arte. Baionako Herriko Etxeak eta Euskal Kultur Erakundeak laguntzen dute egitasmoa.
2019an jaio zen Lautan Hiru antzerki-jaialdia, Bilboko Udalaren babesarekin, eta hastapenetan ezarritako helburuak ez dira aldatu, hots, euskarazko antzerkia hauspotzea eta antzerkilariei plaza berrietan aritzeko modua ematea. Ideia horri eutsiz, Euskaltzaindiak Baionara eraman nahi du Lautan Hiru.
Baionako egitaraua
Bereziak dira Dolu eta Beren izenez ikuskizunak. Heriotzaren gaia jorratzen dute biek, baina ezaugarri desberdinak dituzte. Hori bai, umorea ez da falta bietan.
Dolu. Hiru lagun beste lagun baten hiletatik atera dira, eta, bidean, beste bizitzarik ba ote dagoen eztabaidatzen dute. Bitartean, ez dira konturatu hil berri den laguna beraien artean dagoela.
Gidoi honekin XXI. Café Bar Bilbao saria eskuratu zuen Pantzo Hirigarai baigorriarrak, eta lana iazko Lautan Hirun erakutsi zen, Cafe Bar Bilbaon bertan. Hori bai, Baionan aldaketa txiki bat izanen da, Antton Lukuren ordez Mixel Sarratiak jokatuko baitu. Hortaz, Biltxokon hauek izango dira antzezleak: Mixel Sarratia, Anje Duhande, Armand Jaunarena, Peio Larre eta Pantzo Hirigarai.
Berez izenez. Haurdun dagoen emakume batek aita galdu berri du. Bere omenez, aitonaren izena jarri nahi dio jaioberriari, baina bere bikotekideak ez du erabakia begi onez ikusten.
Gidoia Markos Goikolearena da. Antzerkilari iruindarrak 2024ko Lautan Hiru laguntza jaso zuen testu honi esker. Beren izenez Jaione Urtasunek eta Xabier Flamarikek antzeztuko dute.