Urteroko ohiturari eutsiz, Euskaltzaindiak iaz zendutako 12 euskaltzainetatik erdiak omendu ditu gaur, beraien bizitzak eta euskara eta euskal kulturaren alde eginiko ahaleginak gogoratuz. Ageriko bilkura Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan izan da, Jargi aretoan. Ekitaldiaren buru izan dira Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusia eta Andres Urrutia euskaltzainburua.
Joxan Goikoetxea musikariak eta Klara Mendizabal abeslariak egin dute sarrerakoa, Egun da Santimamiña (Gabriel Aresti-J.M. Arrizabalaga) kanta interpretatuz. Ondoren, banan-banan irakurri dira iaz hildako lehen sei euskaltzainen profilak, hots, hilberri-txostenak: Joxe Mari Iriondok irakurri du Iñaki Beobide (1934-2024) euskaltzain urgazlearen txostena; Jokin Apalategik Maite Idirin (1943-2024) ohorezkoarena; Xipri Arbelbidek Bernard Goity (1926-2024) urgazlearena; Pantxoa Etchegoinek Erramun Baxok (1928-2024) ohorezkoarena; Miriam Urkiak aletu du Jose Antonio Aduriz (1949-2024) urgazlearen profila eta Xabier Euzkitzek Joxe Ramon Zubimendi (1952-2024) euskaltzain urgazlearena. Tarteka, musikariek beste bi pieza interpretatu dituzte, hain zuzen, Txantxangorria (M. Arrese-J.M. Usandizaga) eta Herri bat daukat (Gilles Vignault-Koldo Izagirre).
Joxe Mari Iriondo ohorezko euskaltzainak Iñaki Beobideren bizipenak eta bere izaeraren ezaugarri nagusiak agertu ditu jendaurrean: «Beobidek Industria-maisutza ikasi zuen, baina euskarari eskaini zion bizitza osoa. Saltseroa bezain polifazetikoa zen, euskara eta euskal kulturaren mundu txiki/handian murgildu zela. Euskara maite zuen, eta euskal munduari lotuta bizi izan zen beti». Honela, gogoratu du EiTBren sorreran jardun zuela, ekoizpen sailean, eta antzerkigintzan egindako ahaleginak azpimarratu ditu ondoren: «JARRAI antzerki taldea zen Iñakiren afizio handietako bat, eta guztiz garrantzitsua izan zen euskal antzerkiarentzat, beti ere Beobideren zuzendaritzapean. Kanpoko zenbait autorerekin, Xalbador Garmendia, Piarres Lartzabal, Telesforo Monzon, Gabriel Aresti eta abarren obrak tartekatu zituzten. Talde hartan ezagutu genituen, besteak beste, Arantxa Gurmendi, Ramon Saizarbitoria, Txaro Arteaga, Xabier Lete, Axen Egaña, Rikardo Ugarte, Xabier Goenaga, Mertxe Uranga, Mikel Forkada eta abar. Hamar urteren buruan, hogei bat antzezlan eman omen zituzten, molde zaharreko euskal antzerkia berritze aldera».
Gipuzkoako Foru Aldundiko Dantza, Antzerki eta Ahozko Literatura saileko arduradun ere izan zen Beobide, eta Antzez Taldeen Elkartea eta Antzerti aldizkaria sortu zituen. Liburugintzan ere aritu zen, eta diskoetxe bat sortu zuen, Herri Gogoa, Jose Anjel Irigarairekin batera. «Huraxe izan zen Iñakiren zereginik maiteena, beharbada -azaldu du Iriondok-; hantxe hartu zuen bere biziko gozaturik handiena. eta bertatik pasatu ziren Ez Dok Amairukoak».
Jokin Apalategi ohorezko euskaltzainak Maite Idirin (1943-2024) bere emaztearen bizitzako pasadizorik garrantzitsuenak argitu ditu gaurko ekitaldian. Euskal kantagintzaren ikurretako bat izan zen Idirin, eta, besteak beste, Baionako Zabal liburudendaren sortzaileetarikoa ere bai. 2011n, Eusko Ikaskuntza-Baiona Hiria Ohorezko Saria jaso zuen, eta Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen 2014ko maiatzaren 30ean. Oraintsu, Maite Idirin, herrigintza kantuz liburua argitaratu du UEUk, bere ibilbide guztia biltzen duen argitalpena. Apalategik, baina, bestelako kontuak agertu ditu gaurko ekitaldian: Maite kantari bihurtu zenekoa gogoratu du (Atahualpa Yupanqui abeslari argentinarraren kontzertu batek eraginda), haren ihesaldia (Bilbotik Ondarroara eta handik Baionara), Parisen eginiko urteak (hantxe ezagutu zuten elkar Jokinek eta Maitek), Europan zehar egindako kantaldiak, Ipar Euskal Herrian eginiko emanaldi arrakastatsuak, Pelloporturekin ondutako lanak eta grabazioak... Bistakoa denez, «aspertzen ez zen langilea zen Maite, gauza berrietara laster egokitzen zen emakumezkoa», Jokinek adierazi duenez.
Xipri Arbelbidek irakurri du Bernard Goityren hilberri-txostena, eta apaizaren bizitzako unerik garrantzitsuenak gogoratu ditu ekitaldian. Besteak beste, Baionako apaizgaitegian teologia irakasle izan zen Goity eta, aldi berean, elizbarrutiko aldizkariaren arduraduna. Arbelbidek gogoratu du frantsesa eskolan ikasi behar izan zuela Goityk, «Izpuran euskara baizik ez baitzen entzuten». Ikasle-sasoian, Historiaz idaztea gustatzen zitzaiola gogoratu du Arbelbidek, eta elizbarrutiaren historiari eta mugarteari buruzko idazlan bat argitaratu zuela ere bai. Idazlan haiek zirela-eta, 2011n, 84 urterekin Tolosako Unibertsitateko Zuzenbide Kanonikoko Fakultateko kideek Zuzenbide Kanonikoan doktore-titulua eman zioten. Aita Santuaren Ohorezko Prelatuaren aipua jaso zuen, eta horrek Monsinore titulu zibila eman zion. Aipatzekoa da, baita, Lapurdi Irratian elizbarrutiaren historiari eta bere eskumenei buruz egindako ehun bat saio eta Herria aldizkarian eginiko zenbait idatzi.
Pantxoa Etchegoin euskaltzain urgazleari egokitu zaio Erramun Baxok euskaltzalearen ibilbide oparoa aletzea, laburki. Ez da lan erraza izan: «Erramun Baxok 1928an sortu zen Suhuskunen (Baxenabarre), eta Milafrangan (Lapurdi) bizi zen. Hogei urtez filosofia eta psikologia irakasten aritu zen Quebeceko Victoriavilleko irakaskuntza orokor eta profesionalaren ikastetxean. 1978tik 1993ra, hizkuntzalaritza aplikatua irakatsi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Euskal Herrira itzuliz geroztik, etengabe euskararen eta euskal kulturaren alde lerratu zen, besteak beste, Euskal Kultur Erakundeko lehendakari bezala, hamar urtez. Erramun Baxok hizkuntzalariari ere zor diogu euskara ikasteko Euskaraz bizi multimedia metodoa. Euskaltzaindiak bere merituak aitortu zizkion 1995ean, urgazle izendatuz, eta 2010ean, ohorezko izendatuz».
J. A. Aduriz, «ohorezko pertsona»
Miriam Urkia euskaltzain osoak irakurri du Jose Antonio Aduriz bere adiskidearen hilberri-txostena, batez ere, lexikografian egin zuen lana azpimarratuz, bai, baina euskaltzalearen izaera apal eta konformista nabarmenduz ere bai: «Konformista, beti. Esker oneko ere, beti (...). Jakintsua oso, baina apala, bigarren planoan egotea nahi izaten zuena, bere argiarekin besteek argi egin zezaten laguntzen zuena (...). Zenbat ikasten genuen berarekin lanean edo solasean. Ez zen maisuaren lekuan jartzen zen horietakoa, “nik dakidantxoa” esanez ikaragarrizko lezioa ematen zizun, baina apaltasunetik. Eta egunero ikasten genuen zerbait. Haserretzen ere bazekien, e?».
Oiartzungo apaizak JAKINen eta UZEIn eginiko ahaleginak azaldu ditu Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkariak, eta, bere meritu ugariak aipatzean, hauek nabarmendu nahi izan ditu, beste askoren artean: «Proiektu askotan parte hartu bazuen ere, aipatzekoak dira lexiko-irizpideak finkatzeko LEF batzordea, Hiztegi Batua eta, gero, Euskaltzaindiaren Hiztegia. Eta, corpusgintzan, EEBS aurrena eta Lexikoaren Behatokia gero. Guztiak, zuzenean edo zeharka, hiztegigintza-planari lotuak (...). Hizpal, LEF, hiztegia, terminologia… gaur hain geureganatuak ditugun lexikoaren inguruko irizpideen finkapenean zutabe sendoa izan zen Joxean. Finkatzen, aplikatzen eta transmititzen». «Ohorezko euskaltzaina, ohorezko pertsona», gaineratu du Urkiak.
Azkenik, Xabier Euzkitze euskaltzain urgazleak irakurri du Joxe Ramon Zubimendiren hilberri-txostena. Euskarazko hedabideetan euskararen kalitatea eta egokiera ikuskatzen eta bideratzen, hizkuntza-arduradun, bikoizketa-zuzendari, gidoigile, aktore, itzultzaile, esatari eta gainbegirale lanetan aritu zen Zubimendi urte luzez. Irakasle-lanetan ere bai. Horrez gain, Euskaltzaindiaren Jagonet kontsulta-zerbitzuaren arduraduna izan zen. «Bide ibiliei ihes egin nahi izan dien bidaiari nekaezina izan da Joxe Ramon Zubimendi», gogoratu du Euzkitzek, haren izaerari erreparatuz. «Egoskorretik bazuen puska bat, eta beharrik! Sinesten zuen haren alde edonori eta edozeri aurre egiteko kuraia zuen, haren ibilia ez zuten inoiz errazkeriak eta erosokeriak ezaugarritu, helburuek eta sinesteek baizik. Gaintzako erretirotik beste nonbaitera erretiratu zaigun honetan, begirunez eta esker onez marraztu nahi izan dut haren izaera», esanez itxi du hitzaldia kazetariak.