Indartsu dator Lautan Hiru antzerki-jaialdiaren zazpigarren edizioa. Urtero legez, Bilboko Zazpikaleetako euskal giroa suspertu nahi dute antolatzaileek, eta, bide batez, euskal antzerkilariei plaza berriak eskaini beraien lanak erakus ditzaten. Aurreko aldietan bezala, lau astez eta ostegunetan egingo da Lautan Hiru: guztira 8 ekitaldi eskainiko dira, eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin (EHAZE) batera antolatutako Ikusle-klubari ere eutsiko zaio.
Honela, otsailaren 6an, 13an, 20an eta 27an egingo da Lautan Hiru. Bilboko Udalak babesten du jaialdia, eta ohi legez, Euskaltzaindiak elkarlanean osatu du egitaraua, hain zuzen, Tartean antzerki konpainiarekin, BIRA Kulturgunearekin eta 7Katurekin batera. Eszenatokiei dagokienez, sei lekutan programatuko dira lanak: La Sinsorga, Kalderapeko, BIRA, Cafe Bar Bilbao, 7Katu gaztetxea eta Euskaltzaindiaren egoitza.
Iaz antzerkiaren gorputza-gorputzaren antzerkia izan zuen ardatz jaialdiak. Aurten, berriz, gazteek egiten duten antzerkiari erreparatuko dio, Gazte gara gazte eta ez dugu (zuen) antzerkia maite lelo zirikatzailea baliatuz. Bestalde, aldi honetan lau estreinaldi izango dira: XXII. Café Bar Bilbao-Tartean sarietako testu saridunarekin eginiko irakurketa dramatizatua; 2024ko Lautan Hiru laguntza eskuratu zuen Alferrak, tunanteak, maleanteak ikuskizuna; 7Katu gaztetxearekin batera egindako Errealitatearen harribitxiak pieza; eta Jokin Oregik zuzendutako Arima eta Bihotza (Lezoko Antzerki Testu Laburren II. Lehiaketan lehen saria).
Euskaltzaindiaren egoitzan egin den agerpenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak eskertu nahi izan du Bilboko Udalaren babesa eta laguntza, eta horrekin batera Zazpikaleetako kultur eragileekin izandako elkarlana nabarmendu du, «ezinbestekoa dena honelako egitasmoek arrakasta osoa izan dezaten». Gainera, aurten jaialdiak mugarri berria ezarri duela azpimarratu du euskaltzainburuak: «Lau ikuskizun sustatu ditugu, beraz, antzerkilariei plaza berriak eskaintzeaz gain, Bilboko Zazpikaleetan euskal giroa zabaltzeaz gain, euskarazko antzezlanak ekoizten lagundu dugu, eta hori pozgarria da benetan».
Bestetik, Eider Inunciaga Bilboko Udaleko Euskara, Herritarren Arreta eta Partaidetza, Agenda 2030 eta Nazioarteko zinegotziak erakundeen eta kultur kolektibo eta eragileen arteko lankidetza goraipatu du, ezinbestekoa dena «berezko zigilua duen» egitaraua burutzeko. «Antzerkia kultura-adierazpidea izan da beti Euskadin -esan du Inunciagak-, eta, gainera, gure hizkuntza sustatzen eta zaintzen lagundu du. Historian zehar, euskarazko antzerkiak istorioak kontatzeko, tradizioak transmititzeko eta gai sozial eta politikoak aztertzeko bitarteko gisa balio izan du. Denboraren poderioz, euskarazko antzerkiaren berpiztea bizi izan dugu, hainbat obra eta konpainia sortu direla, hizkuntza biziberritzen eta belaunaldi berriei eskuragarri egiten lagundu digutenak. Horrek, arte eszenikoetan euskararen erabilera sustatzeaz gain, euskal nortasun kulturala indartu du. Gainera, euskarazko antzerkiak euskal errealitatea esploratzeko eta adierazteko aukera ematen die antzerkigileei, hizkuntza publikoarekin konektatzeko tresna gisa erabiliz. Lautan Hiruk hau guztia eta gehiago gordetzen du».
Antzerki-ekoizpenari laguntza
2020an, Euskaltzaindiak antzerki-ekoizpena sustatzeko laguntza berria sortu zuen, Bilboko Udalaren babesarekin. Estreinako laguntza hori Artekartu konpainiak eskuratu zuen, Hauts artean lanagatik. 2021ean, berriz, Les Bobe Bobe konpainiak jaso zuen laguntza, Udaberria heldu da lanagatik. 2022koa eman barik gelditu zen, eta 2023koa Iruñeko La Piel konpainiak jaso zuen, Beren izenez lanagatik. 2024koa Gilkitxaro konpainiak eskuratu du, eta aurtengo jaialdian estreinatuko da lana, hain zuzen, otsailaren 13an, BIRA Kulturgunean.
Ikusle kluba
Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearekin (EHAZE) batera, 2022an Ikusle kluba antolatu zen estreinakoz. Aurten ere esperientzia hori errepikatuko da, eta ikusleek antzerkilariekin hitz egiteko aukera izango dute. Nola? Jardunaldi bakoitzeko azken ikuskizuna amaitu ostean, antzezleekin edo zuzendariekin berba egiteko aukera izango da, EHAZEko kideek gidatutako solasaldian.
Sarrerak eta zozketak
Aurten ez da bonurik salduko. Beraz, sarrerak egunean bertan erosi ahalko dira (emanaldi bakoitza 4 euro): ikuskizuna ematen den espazioan zabalduko dira leihatilak, ordu bete aurretik (honela, 19:00etan bada ikuskizuna 18:00etatik aurrera sarrerak erosteko aukera izango da). Zozketa azken emanaldiaren ostean egingo da beti, bertaratutako publikoaren artean, eta opariak Zazpikaleetan euskara eta euskal kultura bultzatzen duten negozioekin adostuko dira.
Egitaraua
Batez ere, formatu txikiko lanak antzezten dira LAUTAN HIRUn, hala iraupenari, nola muntaketari dagokionez (oro har, 20-40 minutuko piezak izaten dira), eta aurten ere sei agertokitan antzeztuko dira: Euskaltzaindiaren egoitzan (Plaza Barria, 15), BIRA Kulturan (Erronda kalea, 2); Cafe Bar Bilbaon (Plaza Barria, 6); 7Katu gaztetxean (Solokoetxeko eskailerak), Kalderapekon (Txakur kalea, 1) eta La Sinsorga Kulturgunean (Askao kalea, 9).
OTSAILAK 6
- 18:30 - Euskaltzaindia: ODOLA / Saioa Bañales – Aroa Blanco / 15’
Sinopsia: ODOLAk hilerokoa hizkuntza erritual eta sinboliko batetik aztertzen du, antzinako tabu erlijiosoei aurre eginez eta poetikoaren eta absurdoaren artean ibiliz, sakratuaren, lurtarraren eta femeninoaren arteko mugak bilatuz.
- 19:30 – La Sinsorga: GREGORIA / Bea Egizabal / 35’
Sinopsia: Feminista jaio ala egin egiten da? Galdera honi erantzun nahian, sortzaileak bere bizitzan feminismoak izan duen eragina aztertzen du, ikuspuntu umoretsu batetik.
OTSAILAK 13
- 19:00 – Café Bar Bilbao: XXXII. Café Bar Bilbao-Tartean saria (Markos Goikolearen gidoia): DESTINY DRIVER / Leire Ormazabal – Koldo Olabarri / 25’
Sinopsia: Bi pertsonaren arteko zita bat XXII. mendean. Gizartean gero eta zabalduago dagoen Destiny Driver izeneko software batek erabiltzaileari erabakiak hartzea errazten dio, hartzen den erabakiaren arabera bi etorkizun posible ikusteko aukera emanez. Orain, pertsonaiek erabaki beharko dute: etorkizuna beraiek irudikatu ala software honen mende utzi.
- 20:00 - BIRA: ALFERRAK, TUNANTEAK, MALEANTEAK / 2024ko Lautan Hiru laguntza jaso du / Ane Zabala, Galder Pérez eta Aitor García de Vicuña / 30’
Sinopsia: Pili, Mili eta Willi atzerriratutako hiru inurri dira eta nagi izateko eskubide unibertsala aldarrikatzen dute.
OTSAILAK 20
- 19:00 - 7Katu gaztetxea: ERREALITATEAREN HARRIBITXIAK / Amets Larrea, Nerea Lizarralde, Josu Iriarte, Jare Torralba / Zuzendaria: Mikel Martinez / 30’
Sinopsia: Jokin Oregiren hainbat testuekin jositako dramaturgia baten irakurketa teatralizatua da. Hain teatralizatuta ezen irakurtzearen ekintza bera antzezpenaren parte bihurtzen den.
- 20:00 - BIRA: BURUAZ NORBERE EGIN / Ruth Guimera – Leire Orbe / 15’
Sinopsia: Felixek eta Ana Marik bizitza gogorra daukate. Lanean daude, baina tarte bat hartzen dute bokata jateko, eta tarte horretan euren egoera goitik behera aldatuko duen erabaki erradikal bat hartuko dute.
OTSAILAK 27
- 19:00 - Kalderapeko: ARIMA ETA BIHOTZA / Mikel Losada – Anje Oregi / 15’
Sinopsia: 2060. urtean gaude. A eta B elkarrekin bizi dira Lezoko etxe batean. B azken boladan aztoratuta dabil A erabat alfertuta dabilelako; gero eta narrasago, dezente (edo indezente) alprojatuta. B sumintzeraino nazkatu da bestearen jokaerarekin. Izan ere, B sinistuta dago A robota dela, berak bere poltsikotik erositako robota, etxeko zereginak egiteko eta beste hainbat kontutan lagungarri izan zedin. A, berriz, pazientzia galduta dabil azken aldian, B robota erosi zuen orain urte erdi etxeko zereginetan lagundu ziezaion, baina egunak dira, akatsen bategatik edo, B sinistuta dagoela pertsona normala dela.
- 20:00 – 7Katu gaztetxea: HEROIAREN MINA / Gaizka Chamizo / 15’
Sinopsia: Publikoarekin hartu emanean, bakarrizketa bat. Burdinezko barra hotz batekin dantza bat. Maitasun erromantikoari jake mate egiten dion eszenaratze gordina. Zuzen-zuzenekoa, gezurrik edo erdibideko egiarik gabekoa.