Urtero, Euskaltzaindiak gorazarre egiten die aurreko urtean hildako euskaltzainei, izan oso, emeritu, ohorezko edo urgazle. Ohiturari jarraituz, iaz zendutako sei euskaltzain omenduko ditu Akademiak urtarrilaren 31n, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan (Jargi aretoa). Ekitaldiaren buru izango dira Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusia eta Andres Urrutia euskaltzainburua.
Goizeko 10:00etan, Euskaltzaindiak urteko lehen osoko bilkura egingo du bertan, eta 12:00etan hasiko da ageriko bilkura, Jargi aretoan. Joxan Goikoetxea musikariak egingo du sarrerakoa, Klara Mendizabal abeslariarekin batera, Egun da Santimamiña (Gabriel Aresti-J.M. Arrizabalaga) abestia interpretatuz; ondoren, banan-banan irakurriko dira iaz hildako bost euskaltzainen profilak, hots, hilberri-txostenak: Joxe Mari Iriondok irakurriko du Iñaki Beobideri dagokiona, Jokin Apalategik Maite Idirinena, Xipri Arbelbidek Bernard Goityrena, Pantxoa Etchegoinek Erramun Baxokena, Miriam Urkiak aletuko du Jose Antonio Adurizen profila eta Xabier Euzkitzek Joxe Ramon Zubimendirena. Tarteka, musikariek beste bi pieza interpretatuko dituzte: Txantxangorria (M. Arrese-J.M. Usandizaga) eta Herri bat daukat (Gilles Vignault-Koldo Izagirre).