Euskara Ibiltaria erakusketa interaktiboa Gasteizko Zabalgana gizarte etxean izango da gaurtik hasi eta urtarrilaren 30era arte. Horrela adierazi dute gaur María Nanclares Gasteizko Udalaren Euskara zinegotziak eta Adolfo Arejita euskaltzain oso eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren zuzendariak hedabideen aurrean eginiko agerpenean. Prentsaurrekoan Kepa Ortiz de Urbina Laboral Kutxaren Arabako komunikazio arduradunak ere parte-hartu du.
María Nanclaresek erakusketaren garrantzia azpimarratu du, eta adierazi du gure hizkuntza balioesten duela, «euskara gure kultura-ondarerik handiena den heinean». «Hizkuntza da erakusketaren protagonista eta hari nagusia -gaineratu du-, eta euskararen hitzak eta soinuak irakurtzeko, entzuteko, usaintzeko eta haiekin jolasteko aukera ematen digu, haien moldakortasuna eta aberastasuna ezagutzeko». Bere berbaldian, Kepa Ortiz de Urbina Laboral Kutxaren Arabako komunikazio arduradunak esan du «euskara eta euskal kultura sentitu, zaindu, baloratu, ezagutu eta gozatzen duen komunitateari» eskainitako erakusketa dela Euskara Ibiltaria, hain zuzen, «gazteak, familiak, adineko pertsonak erakartzen dituena».
Mapak, jokoak, animazioak, entzungaiak...
Erakusketa ibiltariaren abiapuntua Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa da, eta azken urteotan plazaratutako argitalpenak azaleratu bezala, euskararen ugaritasuna eta aberastasuna erakustea du helburu (lexiko mailan, izen-morfologia zein aditz-morfologia esparruetan eta sintaxia alorrean). Hala, Euskaltzaindiak gizarteari itzuli egin nahi dio atlasa egiteko euskal gizartearengandik jasotako jakituria.
Erakusketa bost atal nagusitan banaturik dago —Tokiak, Materialak, Argia eta soinua, Natura, eta Bizitza—, eta atal bakoitza atlaseko mapen hautaketa batek hornitua da, hala, bisitaria begi-kolpe bakar batez hizkuntza-aldaera horien guztien jabe egingo da. Horrezaz ostean, jokoak, animazioak eta entzungai gisako tresnak ere erabiltzen ditu erakusketak herri-hizkeren aberastasunean murgiltzeko.
«Zentzumenei eragiten dien erakusketa ere bada Euskara Ibiltaria: ikusmenaz gain, entzun egin daitekeena, uki daitekeena, dastatzekoa dena, usaintzekoa», azpimarratu du Adolfo Arejita EHHA egitasmoaren zuzendariak ere. «Bisitariak —ohartarazi digu—, euskararen aberastasunaz ohartzeaz gain, hizkuntza-atlasa zer den ikusteko aukera izango du, eta horren bidez, xix. eta xx. mendeetako bizimodua, gizartea eta ohiturak ezagutzekoa». Arejitak bestelako kontuak ere aipatu ditu jendaurreko agerraldian: «80ko hamarkadan, Hizkuntza Atlasa lantzen hasi ginenean, euskal hiztunek altxor hori eman ziguten, eta orain, Euskaltzaindiak gizarteari itzuli nahiko lioke. Horixe da, besteak beste, erakusketa honen helburua».
Halaber, erakusketaren mamia Euskararen Herri Hizkeren Atlasa den neurrian, Euskara Ibiltariaren xedea ere bada egitasmoaren historia gizarteratzea eta hizkuntza-atlasa lantzeko erabilitako metodologia, materialak eta bestelakoak ezagutzera ematea. Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) euskararen aniztasunaren berri ematen duen argitalpena da, Euskaltzaindiak argitaratua eta dagoeneko hamaika liburuki dituena. Proiektua xx. mendeko 80ko hamarkadan abiatu zen ikerketa baten bidez. Euskal Herriko 145 inkesta-puntu aukeratu zituzten (Araban herri bakarra, Bizkaian eta Gipuzkoan 36na herri, Nafarroa Garaian 27, Lapurdin 15, Nafarroa Beherean 18 eta Zuberoan 12 herri), 319 berriemaile eta 2.857 galdera; 1987. eta 1992. urte artean eginiko elkarrizketok, guztira, 5.000 ordutik gorako grabaketa-bilduma osatzen dute.
Ordutegiak eta bisita gidatuak
Erakusketa ibiltaria gaurtik hasi eta urtarrilaren 30era arte egongo da zabalik. Doako bisita gidatuak egun eta ordu hauetan egingo dira:
- Urtarrilaren 9an (18:00etan)
- Urtarrilaren 18an (11:00etan)
Dena den, bertaratu nahi duen orok telefono honetara deituz eman beharko du izena: 945 161 588. Edo, bestela, zerbitzuak@vitoria-gasteiz.org posta elektronikora idatziz.