Hainbat hizkuntza-baliabide eguneratu dira: Euskaltzaindiaren Hiztegia, Orotariko Euskal Hiztegia, webguneko Jagonet atala, Euskal Onomastikaren Datutegia, Euskararen Historia Soziala (EHS). Argibide bibliografikoak, Euskaltzaindiaren Adierazpenak, Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz... Beste hainbat hizkuntza-baliabide eta funts prestatu dira online erabiltzeko moduan (Euskara Batuaren Ortotipografiari eta Euskal Herriko kostaldeko leku-izenei buruzko arauak, Noeren Ontzia, Olabideren Biblia, Piarres Lafitteren artxiboa...), Onomastika eta hizkuntza-zuzentasunari buruzko kontsultak erantzun dira eta Euskararen Gogoetagunearen bidez euskararen biziberritzeko etorkizuneko ikuspegia lantzen jarraitu du Akademiak.
Mintzola egitasmoaren barruan abian jarri dira hainbat ikerketa, ahozkotasuna eta, batez ere, ahozko hizkera informala ikertzeko; Mintzola Sariak ere ikerketak bultzatzeko baliatu dira.
Euskera Ikerketa Aldizkariaren bi zenbaki eta Euskaltzaindiaren Buletinaren zenbaki bat argitaratu dira; horrez gain, hamabi liburu plazaratu dira eta hainbat ikastaro, jardunaldi, mintegi, hitzaldi eta erakusketa antolatu dira. Kultura ekimenei dagokionez, honako hauek antolatu dira: Ahots Baten sormen-egonaldia, Lautan3 antzerki-jaialdia, Irailekoak egitasmoa eta R. M. Azkue Literatura Sariak.