Erraimun Olabide josulagun eta euskaltzain osoaren (Gasteiz, Araba, 1869 - Tolosa, Okzitania, 1942) euskarazko Biblia erabiltzaileen esku jarri du Euskaltzaindiak, Akademiaren webgunean eskegita. Olabideren Biblia bere belaunaldiaren goiburuaren ildoan kokatu behar da: Baina nik, hizkuntza larrekoa, nahi haunat noranahikoa (Lizardi, 1931). Beraz, euskara noranahiko bihurtzeko ahaleginean ondutako lana da hau. Horrek argitzen dizkigu egindako hautuak eta erabilitako moldeak. Ez zen hori izan Arantzazuko Biltzarraren ondotik (1968) Euskaltzaindiak hartu zuen bidea, baina egokia da idazlan erraldoi hau berreskuratzea, aztertzea, eta egokiro balioetsi eta baliatzea, gizartearen esku jarrita.
Beraz, Euskaltzaindiak webgunean jarri duena ez da edizio kritiko bat, helburua ez baita liburuaren orrialdez orrialdeko argazki hutsa eskaintzea, bilaketa-sistema eraginkor batez hornitzea baizik.
Argitalpen honek bi baliabide nagusi ditu:
- Liburuaren orrialdez orrialdeko argazkiak eskaintzea, azken buruan testuarekiko erabateko fideltasuna ziurtatzeko.
- Bibliaren kontsultan bilaketa-sistema erabiltzea, hots, aipuak liburuz liburu, kapituluz kapitulu eta txatalez txatal errazki aurkitu ahal izatea, adibidez, honela: (Lk 4, 1-9) [Lukasen ebanjelioa, 4. kapitulua, 1-9 arteko txatalak].
Baliabideak horiek izanik, pantaila begiz jota irakurleak erraz atzemango dio funtzionamenduari, baina erabiltzeko orduan kontuan hartu behar dira bi berezitasun:
- Batetik, testua ez dela batere ohikoa eta horrek irakurlearen begietara arroztasun-sentimendua piztu lezakeela, Olabideren ortografia eta morfologia urrun baitaude bai 1900 aurretik arruntak ziren euskarazko molde ortografiko guztietatik, bai euskara batuaren garaian gure artean zabaltzen eta sendotzen diren arauetatik (azpimarratzekoa da, beraz, Patxi Etxeberria editoreak eginiko lana). Ondorioz, testu transkribatua ez da erabat ziurra eta hainbat kasutan liburuaren argazkietara jo behar da argitasun bila.
- Liburu, kapitulu eta txatalez txataleko bilaketa-sistema modu eraginkor batean erabiltzeko, Elizen arteko Biblia erabiltzea gomendatzen dugu, hain zuzen, webgune honetan aurki daitekeena.
K. Mitxelena: “Ez dago bide horretatik Olabide baino gorago joaterik"
Olabideren bizitzako lan nagusia da katolikoen Biblia osoaren itzulpena, jatorrizko testuetatik abiatuta (hebreera eta grekoa). Dirudienez, 1921ean ekin zion lanari eta lehen emaitza 1931n argitaratu zen (Itun Berria). 1937rako ia-ia amaituta zeukan lana, baina Gerra Zibilak (Gernikako bonbardaketak, zehazki) haren lana eten zuen. Erbestera jo zuen eta 1942an hil zen, istripuz, Okzitaniako Tolosan. 1955ean, josulagunek Olabideren Biblia argitaratzea erabaki zuten eta lana gauzatzeko ardura Patxi Etxeberria (1900-1989) josulagunari esleitu zioten, hura Txinatik etorrarazita.
1958an argitaratu zen Itun Zâr eta Berria, hots, orain Euskaltzaindiak sarean jarri duen liburua. Koldo Mitxelenak iruzkin sonatu bat egin zion Egan aldizkarian, euskararen historian aro baten amaiera eta beste baten hasiera adierazten duena: “Saioa egina dago. Ez dago bide horretatik Olabide baino gorago joaterik”. Une horretan lortu zuen ospea gorabehera, laster ahaztu xamar gelditu zen, bai Eliza Katolikoaren barruan Bibliaren gaineko ikerketa-giro berriak eraginda, bai euskara batuaren sorrerak ekarri zituen ondorioengatik.