Letra larriak noiz erabili behar diren eta noiz ez argitzea lehen begiratu batean dirudien baino korapilatsuagoa da, hala gure hizkuntzan nola erdaretan, kasu eta azpikasu ugari baitaude eta salbuespenak ere ugariak baitira. Erabiltzaileek maiz izaten duen zalantza izaten da termino baten hasierako letra larriz ezarri behar den ala ez.
Akademiak egindako arau argitaratu berrian, gaiaren deskribapen xehea egin, eta kasu bakoitzerako irizpidea zehazten da. Irizpideak ilustratzeko, adibideak ematen dira behin eta berriro: 2.000 adibide inguru. Eta azterketa hedatsua egin da ―140 orrialde hartzen ditu― letra larrien erabilerak dituen adar ugarietara iristeko.
Kontsulta-obra bat da, zalantza eginez gero zalantza non argitu izateko. Ez da noski bere horretan euskaldun alfabetatu guztiek ikasi beharreko zerbait. Izan ere, erabiltzaileek badakite zein diren letra larriak erabiltzeko oinarrizko arauak, eta ondo betetzen dituzte. Lan honek, oinarrizko arauak deskribatzeaz gainera, erabilera‑kasu bereziak xehe-xehe zehazten ditu, erabiltzaile kualifikatuei (kazetariak, euskara-teknikariak, irakasleak, idazleak, itzultzaileak, argitaratzaileak…) argibide arrazoituak eta jarraibideak ematearren.
Lau ataletan bereizita dago lana
Lehen atalean, letra larri eta xeheen ezaugarri tipografikoak eta erabilera-irizpide orokorrak ematen dira.
Bigarren atala da, alde handiz, zabalena. Letra larrien funtzioak zehazten ditu: batetik, hitzak testuan duen posizioa adieraztea eta, bestetik, izen bereziak eta adierazpen izendatzaileak nabarmentzea. Bigarren azpiatal horretan, arlo hauek guztiak bereizi eta landu dira: leku-izenak; pertsona-izenak; mitologiaren eta fikzioaren arloetako izaki eta gizakien izen bereziak; animalia- eta landare-izenak; erakunde, elkarte eta kidekoen izenak; erakundeen barneko kudeaketa-organo, sail, atal, zerbitzu eta batzordeen izenak; sinboloak; fenomeno meteorologikoak; animalien eta landareen izen zientifikoak; denbora‑erreferentziak: geologiaren eta historiaren arloko aldiak, ospakizunak eta jaiak; gertaera historikoak; hezkuntza-, politika-, zientzia- eta gizarte-jarduerak; azokak, kongresuak, jaialdiak eta ikuskizunak; kirol‑probak eta kirol-ikuskizunak; sariak eta kidekoak; goiburuak, esloganak eta leloak; sorkuntza‑obren izenburuak; gauzakiak, produktuak eta markak.
Hirugarren atalean, letra xeheen erabilera-eremua zedarritzen da; hau da, non eta noiz ez diren erabiltzen letra larriak.
Azken atala letra larri eta xeheen gaikako aurkibidea da. Aurreko hiru ataletan han‑hemen barreiatuta ematen diren irizpideak eta adibideak non dauden aurkitzeko, alfabetoaren hurrenkeran zehazten dira, erabiltzaileek erraz aurkitu dezaten beren zalantza non argitu. 640 termino inguru bildu dira aurkibidean.
200. araua, Letra larriak eta letra xeheak, Euskara Batuaren Ortotipografia (EBO) egitasmoko laugarren araua da. Haren aurrekoak hauek dira: Laburtzapenak: laburdurak eta siglak (196. araua), Sinboloak (197. araua) eta Letra-estiloak (198. araua).
Oharra
Arau honen ondorioz, doitze bat egin da 196. arauaren barnean dagoen laburduren zerrendan: Administrazioa > Admin. zegoen tokian, administrazioa > admin. jarri da.