Blas Fagoaga irakasle, euskaltzain urgazle eta euskaltzale fierraren biografia paratu dute Andres Iñigo eta Paskual Rekalde euskaltzainek: Blas Fagoaga Ariztia. Irakaslea eta euskaltzaina. Euskaltzaindiak argitaratu du lan berria, Nafarroako Gobernuaren laguntzaz.
Baina, nor izan zen Blas Fagoaga eta zer egin zuen euskara eta euskal kulturaren alde? Ez da erraza haren profila esaldi batean laburbiltzea, baina esan daiteke Nafarroako historiaren eta kulturaren dibulgatzaile porrokatua izan zela urte luzez, eta, gainera, gure hizkuntzarentzat garai ilun eta korapilatsuenetan egin zuela ahalegin hori.
Aipatutakoa euskaltzalearen profil labur-hotza denez, gaurko prentsaurrekoan erratzuarraren euskaltzaletasunaren ertz guztiak aletzen ahalegindu dira Andres Iñigo euskaltzain emeritua eta Paskual Rekalde euskaltzain osoa, atalka azaldu dituztela Fagoagaren bizi-ibilbidearen nondik-norakoak. Agerpenean, alboan izan dituzte Sagrario Aleman Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria eta Jabier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzailea. Sagrario Alemanek erakundeen arteko elkarlanaren onurak azpimarratu ditu, eta Jabier Arakamak Blas Fagoagaren lanaren garrantzia nabarmendu du, eta liburu honek dakarrena «memoria ariketa interesgarria» dela esan du, hain zuzen, Blas Fagoaga ez delako, «agian, edonori burura etor dakiokeen izen ezagun horietako bat. Horrek ez du esan nahi, ordea, Fagoagak ez duenik gogoratzea eta aintzat hartzea merezi». «Bestetik -gaineratu du Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak-, iruditzen zait utzi zigula ahaztu behar ez genukeen ikasbide interesgarriren bat: izan ere, euskararentzat oso zailak ziren garaietan, egokitu eta zeuden aukera apurrak eta zirrikituak baliatu baitzituen euskararen sustapenerako eta euskararen inguruko sentsibilizazioa bultzatzeko, baita euskaldun ez zirenen artean ere».
Testu zaharren arakatzailea
Ondoren, Andres Iñigo euskaltzain emerituak atalka azaldu du Fagoagaren bizi-ibilbidea, irakasle garaitik hasi eta bibliotekari ere amaitu zuen arte. XX. mendeko lehen hamarkada latzak gogoratu ditu lehenik: «1922an, Nafarroako Foru Diputazioak Seminarioko Euskara katedra sortu zuen, apezgaiek euskara ikas zezaten. Hasierako urteetan egunero klase-ordu bat ematen zen, eta emaitzak onak izan ziren. Pixkanaka klase-orduak gutxitzen joan ziren eta, gerra zibilaren ondoren urte batzuez ez zen euskararik irakatsi. 1948tik aitzina, astean ordubete bakarrik irakatsi zen. Horrek ezinezko egin zuen euskara hizkuntza gisa irakastea eta, haren ordez, Fagoagak euskara Nafarroako ondare historiko eta kulturalaren ikuspegitik azaldu zien ikasleei. Nola? Artxiboetako agirietan eta testu zaharretan aurkitu zituen lekukotasunen bidez azalduz euskarak Nafarroan izan zuen hedadura eta mendez mendeko murrizketa. Erraterako, XVI. mendean euskaraz egin ohi ziren ezkontza kontratuak edo Erdi Aroaz geroztik herrietan erabili ohi ziren euskarazko toponimo eta antroponimoak». Horrekin batera, Fagoagak euskal literaturaren izen esanguratsuen berri ematen zien ikasleei, baita zenbait ikertzailerenak ere, hala nola Azkue, Campión, Garibai, Lacombe, Lekuona, Mitxelena, Moret, Bonaparte... Baina ahaleginik handiena berak prestatutako hiztegia (Iniciación al estudio del euskera. Breve diccionario etimológico de apellidos toponímicos, etc. fáciles de retener) ikasaraztea izan zen, Andres Iñigok aitortzen duen bezala: «Hiztegi horrek 1.500 sarrera inguru zituen, batik bat toponimoak eta deiturak, eta neurri txikiagoan hitzak eta esapideak. Hiztegi horren bidez helburu bikoitza lortzen zuen: batetik, ikasleei ikusaraztea beren familietako deitura nahiz beren herrietako toponimo aunitz euskal sustraikoak zirela (erraterako: Arana, Arizcuren, Arregui, Eguilaz, Eseverrri, Gorri, Ibarrola, Labeaga, Landibar, Olague, Sarasate, Urederra, Zabala, Zugasti... Bertzetik, gaztelaniaz entzun eta beren herri-etxeetan modu arruntean erabiltzen zituzten zenbait hitz euskararen ondarekoak zirela, hala nola aida, esti, akelarre, alchirria, apurricas, axunes, charro, cunchar, erchemines, ezten, macarroso, ondarras... bai eta esapideak ere: gabon, eskerrik asko, mutiko alai…».
Liburuak hiru atal ditu. Lehenengokoak Blas Fagoagaren bizi-ibilbidea eta haren irakasle lana erakusten ditu (Erratzuko Etxebeltzea > Amaiurko ‘preceptoría’ > Iruñeko Seminarioa. 1920an apez egin ondotik > Ilarregi > Lesaka. 1924an > Seminarioan Filosofia irakaslea, 1929tik aitzina > Euskara irakaslea, eta 1948az geroztik bibliotekaria ere). Bigarrenean, Iniciación al estudio del euskera. Breve diccionario etimológico de apellidos toponímicos, etc. fáciles de retener hiztegi egokitu eta eguneratuaren azalpena dator. Hirugarrenean, Fagoagaren hiru sermoi biltzen dira, zeinetan ikusten ahal den erratzuarraren euskara-maila aberatsa, Baztango eskuara oinarri izanik.