Euskararen etorkizun ikuspegia lantzea eta arnas luzeko estrategiak marraztea. Horra hor Euskaltzaindiaren Gogoetaguneak azken urteotan bere egin duen zeregina. Misio horren harira, hausnarketa orokorraren muina heldu zen lehenik, hots, 30 urteko epera begira euskara irudikatzea eta hara iristeko ildoak zehaztea. Izan ere, paradoxa batean harrapatuta ageri da euskalgintza: Azken 60-70 urtean egindako lan itzelari esker heldu da euskara gaur daukan tokiraino, baina, era berean, bide beretik jarraituz gero, ez du aurrerabiderik izango, gogoak gogo.
Hortaz, hausnarketa prozesu osoaren ardatz izango den etorkizun-ikuspegi hori proiekzio hutsa baino gehiago da ezinbestean; hain zuzen, «giza multzo bat kohesionatu, ilusionatu eta norabidetu dezakeen epe luzeko marrazkia» ere beharko du izan, Gogoetaguneko koordinatzaile Jon Sarasuaren arabera.
2022an osatu zuen Sarasuaren lantaldeak gogoeta horren enbor nagusia. Bertan erabakigarri jotako eremuei beren-beregi heltzea eta beroriei ere ponentzia zehatz bana lotzea iritsi da gero. Hain justu, horretara datoz Jagon jardunaldiak: ponentziak aurkeztu, lantaldetan ebaluatu, doitu eta aberastera; XXIX. Jagon Jardunaldiak lan-eremua eta aisialdi antolatua izan ditu jomugan.
Lan eremuko plan gidarirako ardatzak
Lan-mundua eta euskara lotzea helburu duen ponentzia ez du Gogoetaguneak berak egin, eta bada arrazoi garrantzitsu bat horretarako: Eusko Jaurlaritzak sortutako Euskararen Aholku Batzordea ere horretan ari da buru-belarri, eta Sarasuaren gogoetatik abiatuta eta haren metodologia aplikatuta gainera. «Sarasuak berak proposaturiko talde, erakunde, enpresa eta sindikatuek osatu dute kontrasterako lantaldea», zehaztu zuen jardunaldian Eusko Jaurlaritzako ikerlari eta koordinazio zuzendari Josune Zabalak. Bikoizketa ekidite aldera, Euskararen Aholku Batzordearekin bat egin du Gogoetaguneak.
Dokumentuak ez du artean adostasun osoa erdietsi —sindikatuak eta patronala ez dira iritzi berekoak— , baina Zabalak begi onez dakusa alde hori: «Aniztasuna kontuan hartzen duen guneak ez du zertan adostasuna beti lortu, baina elkarrekin hitz egitea garrantzitsua da etorkizunera begira». Ohar bat ere egin zuen Zabalak, lurraldetasuna dela-eta: «Azterlanak, berez, Euskal Autonomia Erkidegoa du esparrua, baina Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko kideekin partekatu du, Euskal Herri osora iristeko ahaleginean». Aldiak, inguruabarrak eta egoera, halere, ezin dira parekatu lurralde administratibo batean eta bestean.
Utopiarako pausoak
Sarasuaren utopian oinarrituriko kontakizunaz harago, euskara eta lan-mundua hurreratzeko nondik norakoak aletu zituen Zabalak, eta bost arrazoibide azaldu zituen langintza horri heltzeko. Haren lehen arrazoibidea koherentziari lotuta dago: «Gaur [Euskal Autonomia Erkidegoan] 10-14 urteko gazteen artean % 90 baldin badira euskaldunak, beroriek 24 urte betetzerakoan inoizko kopururik euskaldunena izango dugu lan munduan». Bigarren arrazoibidea belaunaldien arteko loturari begira egin zuen: «Gure aiton-amonen ametsa euskaraz ikastea zen. Hurrengo belaunaldiak lanean ere euskaraz eginez emango lioke jarraipena amets horri». Hirugarren arrazoibidean euskaldunen hizkuntza profila jarri zuen: «Gehiengoak euskara ez dakar etxetik, eskolaren bidez ikasi du, eta eskola amaitu orduko ez du aukerarik izango euskaraz egiten jarraitzeko». Hortaz, lan-mundua abagune ezin aproposagoa bilaka liteke: «Euskara ikasi badut, zertarako? Bada, harremanetarako, baita lanerako ere».
Laugarren arrazoibideren oinarrian antolagarritasun bideragarria deritzona legoke: «Lan-mundua antolatuta dago, eta bada aukera sistema horietan hizkuntza politikak egiteko». Zabalaren aburuz, «zenbat eta antolatuago, orduan eta errazago da eragitea».
Enpresek, baina, ez dute hizkuntza bakarra erabiltzen. Euskarak tokia har dezan, egokiena hizkuntzen kudeaketan laguntzea dela azaldu zuen Zabalak. Haren aburuz, euskal hiztunei protagonismoa eman eta erabileran jarri beharko litzateke ardatza, ez hizkuntza gaitasunean: «Noiz erabil daitekeen eta nola lagundu dezakegun». Enpresaren erantzukizun sozialari ere erreparatu dio ponentziak, eta, ildo horretatik, enpresak gizarteari hizkuntzaren bidez zein ekarpen egin behar dion pentsatu beharko litzateke. Prozesuak, betiere, «metodikoa eta neurtzeko modukoa» izatea balioetsi beharko litzatekeela iritzi zion Zabalak.
Beste zenbait puntu ere nabarmendu zituen lantaldearen izenean, hala nola dirulaguntza- sistema antolatuagoa eta handiagoa lortzea, araugintza ere aztertzea, erabaki administratibo politikoak beste erakundeekin elkarlanean bideratzea edota apustu politikoaren beharra, besteak beste.
Helburuak erdiesteko, «adostasuna duen prozesu malgua eta belaunaldi artekoa» bideratu beharko litzatekeela uste du, eta, horrekin batera, Euskal Herri osoko zein tokian tokiko erakundeak nola ehunduko diren pentsatu beharra nabarmendu zuen hitzaldian. Administrazioaren lidergoa funtsezkotzat jo zuten, eta, horrez gain, administrazioan ekonomia arloan euskarari lotutako erakunde bat sortzea lagungarria izango litzatekela adierazi zuten.
Aisialdi antolatua: lehenik esparrua definitu
Aisialdi antolatuaren ponentziaren egileak, Iñaki Arrutik, Lasarte-Orian (Gipuzkoa) euskara teknikari gisa lanean hasi orduko sumatu zion garrantzia Aisialdi antolatuari. Lehendabiziko zeregina, kasu honetan, arloa zedarritzea izan du. Hortaz, 16 urtetik beherako gazteentzat eskolaz kanpoko kultur, kirol eta aisi jarduerak hartu ditu kontuan.
Darabilen ikuspegiari begira, «hizkuntz ekologia zaintzea eta aniztasuna ordenatzea» jarri du oinarrian: «Hizkuntza aberastasuna dela sinesten dugu, baina merkantilismoak ez du nahi hizkuntza guztiak berdinak izan daitezen. Ikuspegi supremazista dago oinarrian». Horrenbestez, eleaniztasuna modu ekitatiboan ulertu behar dela esan zuen jardunaldian Arrutik.
Euskara hizkuntza erkidetzat hartzea litzateke estrategia, txostenaren arabera. Eta horretarako hainbat printzipio lirateke mesedegarri: lehena, lurraldetasun irizpidea, «zeinaren arabera hizkuntza batek bere eremuan errekonozimendu osoa behar duen»; bigarrena, pertsonak hainbat zerbitzurako duen eskubidea; hirugarrena, subsidiaritate printzipioa, «bertako hizkuntza batek egin dezakeena ez dezala kanpoko handiago batek egin»; eta nahikotasun funtzionalaren printzipioa, «hizkuntzak behar ditu funtzio batzuk bermatuta eduki».
Hiztunaren osatze prozesuaz ere mintzatu zen ponentziaren egilea: «Haur txikiarentzat familia da dena. Adinean gora egin ahala, familiak presentzia galdu eta kanpoko jarduerak —eta iphone-ak— hartzen du garrantzia». Bitarte horretan, eskolak izan dezakeen garrantziaz jabetzeko, datu bat eman zuen: «Urteak dituen 365 egunetatik 176 dira eskola-egunak; eta egunean batez beste esna emandako 15 orduetatik 5 ematen dira eskolan. Proportzioa, hortaz, D ereduan, % 14koa besterik ez da». Ondorioa argia da Arrutirentzat: «Eskolak bakarrik ezin du; habitat linguistiko handiagoa behar da, eta zer esanik ez, ingurua oso euskalduna ez bada».
Hiru multzotan, bina sailkatutako sei sozializatze-eremu bereizi ditu, 16 urtetik beherako neska-mutilen kasuan: eremu publikoan eskola eta eskolaz kanpoko jarduna; eremu pribatuan, lagunak eta familia; eta merkatuaren eremuan, pantailak eta kalea. Sustapenaren beharra eremu guztietarako aurreikusi du Arrutik, eta, horrez gain, kuoten beharra nabarmendu du merkatu eremurako, bai eta arauak eta neurriak ere eremu publikorako. Bestalde, erakundeek haur eta nerabeentzat antolatzen dituzten jardunek «lehentasun erabatekoa» behar dutela uste du.
Euskal Herriko banaketa administratiboa eta tokian tokiko egoera zein baldintzak kontuan hartuta, bi logika aplikatzearen alde azaldu zen Arruti. Iparraldean eta Nafarroan pausoz pausoko aurrerabidea dakusa: euskarazko irakaskuntza indartzea eta aisialdian berariaz sortutako jardueraren batekin hastea. Euskal Autonomia Erkidegoari gagozkiola, berriz, jauzi bat eman eta aisialdi antolatua «arnasgune soziofuntzional» bihurtzea litzateke gakoa. Horretarako adostasun sozialik badela adierazi zuen: «Baina adostasun politikoa urrun oraindik».
Lan zehatzen artean hauek aipatu zituen: euskararen ulermena orokortzea, hezitzaileak hezteko birmoldaketa antolatzea, ezintasun ekonomikoak dituztenekin eta etorkinekin neurri inportanteak hartzea, tira egingo duen nukleo bat sortzea, euskarazko jarduerak gehitzea, euskaraz pentsatutako babesguneak antolatzea, aisialdirako edukiak sortzea, kirola zein kultura edukiz betetzea eta gizarte politikak horri guztiari begira jartzea.
Lantaldeetako ekarpenak
Aisialdi antolatuari begira, euskaraz ongi funtzionatzen duten ereduak aintzat hartzea, eredu berritzaileak bateratzea, hezitzaileen eskolak babestea, intrusismoari aurre egiteko kontrola eta ebaluazioa ezartzea, dekretuak aztertzea, udaletako teknikarien artean kontzientzia areagotzea, adin-sailkapena gainditu eta esku-hartzeak familia osoa kontuan hartzen duen eskaintzara luzatzea, agintarientzako prestakuntza soziolinguistikoaren beharra edota aisialdi antolatua hezkuntzaren barruan ulertzea ere nabarmendu zituzten, besteak beste. Datu errealak baliatzeari eta D eredua ez idealizatzeari ere garrantzia eman zitzaion.
Lan-eremuari begira ere zenbait ideia atera zituzten lantaldeetan. Adibidez, datozen urteetan iristen diren etorkinei laguntza ematearren euskalduntzeko baliabideak ematea eta Finlandiako kasua aztertzea; HPS gainditzen duen erakunde transbertsal batek euskararen erronka hartzea; hizkuntza- betaurrekoak janzteko beharra azpimarratzea, berdintasun-betaurrekoekin egiten den gisan; euskarari prestigioa ematearren, enpresei zein proiektuei euskal izenak jartzea; kontratuetan hizkuntza klausulak jartzea eta beroriei jarraipena egitea; unibertsitateen eta lanbide eskolen eginkizuna aztertzea; edota euskara eta talentua lotzea.