Iñaki Iurrebasok Durangoko Azokan aurkeztu du bere ikerlana: Gako berrien bila (Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen). Euskaltzaindiak plazaratu du, UPV/EHUrekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean.
Ikertzaileak egindako tesia euskal demolinguistikak duen tresna multzoa zabaltzeko eta hobetzeko sormen saiakera da. Saiakera horretan, hizkuntza gutxituen inguruan dagoen jakintza soziolinguistikotik abiatuta, nazioarteko jarduera demolinguistikoa ideien iturri hartuta eta irudimenari eraginda, euskararen inguruko hiru eragiketa estatistiko nagusik (Hizkuntza Zentsuak, Hizkuntzen Erabileraren Kaleko Neurketak eta Inkesta Soziolinguistikoak) adierazle berriak sortzeko zer-nolako aukerak eskaintzen dituzten ikertu da.
Saiakera honekin, egilea ahalegindu da -eremu akademikotik haratago- euskararen egoeraren ezagutzarako elementuak eta ikuspegi berriak eskaintzen. Gure hizkuntzak egun bizi duen egoeraren erretratu zorrotza egin du Iurrebasok.