Euskararen Egunean, lankidetza-hitzarmena sinatu dute Espainiako Diputatuen Kongresuak eta Euskaltzaindiak. Akademiaren egoitzan izan da ekitaldia, eta bertan izan dira Francina Armengol Diputatuen Kongresuko presidentea eta Andres Urrutia euskaltzainburua, Akademiaren Zuzendaritzako kideekin batera.
Akademiak Espainiako Diputatuen Kongresuarekin sinatu duen lehen lankidetza-hitzarmena da gaur izenpetutakoa, eta estreinakoa izan da, hala berean, Kongresuko presidenteak Euskaltzaindiaren egoitzara egin duen bisita. Gogoratu behar da, 2019an, Pedro Sánchez Espainiako presidenteak bisitatu zuela Plaza Barriko eraikina, Akademiaren 100. urtemuga aitzakiatzat hartuta. Ondoren, 2022ko maiatzean, Ander Gil Senatuko presidentearen bisita jaso zuen Akademiak, eta erakunde bien arteko aspaldiko lankidetza berresteko baliatu zen bilera. Besteak beste, elkarlan horren eskutik argitaratu zen Espainiako Konstituzioaren euskarazko bertsio gaurkotua, 2004an (hain zuzen, 25 urtez izandako aldaketa terminologikoak, lexikografikoak eta pragmatikoak kontuan hartuz).
Kongresuarekin gaur sinatutako lankidetza-hitzarmenak ere berebiziko garrantzia du, hizkera juridikoan euskarari buruzko prestakuntza, jakintza eta zabalkundea sustatzeko aukera berriak emango dituelako. Akordioak helburu bikoitza duela adierazi du Andres Urrutiak gaurko agerpenean: «Lehenengoko helburua sinbolikoa da, non Espainiako Estatuaren botere legegilearen ordezkariak eta Euskaltzaindiak, euskararen arloko erakunde aholku-emaile ofiziala denak, indarrak aitortu eta batzen dituzten Espainiako Kongresuan hizkuntza koofizialak erabiltzeko ofizializazioa edukiz hornitzeko. Beste alde batetik, benetako eragina dago, egunerokotasunean nabarmena izango dena: testu juridikoen ikuspegitik aurrera egitea, Espainiako Estatuak bere lurralde osoan egikaritzen dituen eskumen zabalei eragiten dieten lege-proiektuek korrelazioa izan dezaten Estatuko hizkuntza koofizialetan». «Izan ere -gaineratu du euskaltzainburuak-, tresna horien bidez, hizkuntzok -euskara barne- aurrera egiteko aukera dute, bai erabilera juridikoari dagokionez, bai legeen eremuan duten erabilerari dagokionez, horiek baitira gure bizikidetza arautzen dutenak. Ez bakarrik maila idatzian, itzulpengintzan, baita erabileran ere, euskal eragile juridikoek testu horiek erabili ahal izan ditzaten eta, aldi berean, Euskaltzaindiak bere ikerketa-lanetan testu horietaz balia dadin». Andres Urrutiaren iritziz, lehen urrats honek «euskararen normalizazioan eta araugintzan mugarri garrantzitsuak finkatzen jarraitzeko aukera ematen du».
Francina Armengol egoitzako liburutegian izan da, eta eskuetan hartu du Leizarragaren Testamentu Berriaren ale bat. Ondoren, Euskaltzaindiaren Zuzendaritzarekin batzartu eta erakundearen Ohorezko Liburuan idatzi du: Lankidetza-hitzarmena sinatu dugu Euskaltzaindiarekin. Gure arteko lankidetzaren orainak ekarriko ahal du kulturaren eta hizkuntzaren aberastasun handiagoko etorkizuna. Hizkuntzak ez dira herrien ondare immaterialak soilik; izan ere, badira gizarte-kohesiorako elementuak ere. Horregatik, aniztasuna eta pluraltasuna errespetatu eta aintzat hartzen baditugu, horrek geure burua gizarte gisa hobeto ulertzen lagunduko digu. Eskerrik asko zuen lan goresgarriagatik.