Euskaltzaindiak ikur-diplomak banatu dizkie maiatzean izendatutako urgazle eta ohorezko berriei. Ageriko bilkura Bilboko Sociedad Bilbaina elkartean izan zen, Ane Ibarra eta Irati Rodriguez musikariek girotu zutela ekitaldia. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Adolfo Arejita Akademiako idazkariak egin zieten harrera urgazle eta ohorezko berriei. Bere mintzaldian, Urrutiak ohorezkoak laudatu zituen, euskara eta euskal kulturaren alde eginikoagatik, nork bere esparruan. Ostera, urgazleak xaxatu egin zituen euskaltzainburuak, esanez pribilegioa dela urgazle izatea, baina izendapenak dakarren ardura gogoraraziz: «Pribilegioa da urgazle izatea, bai, baina ardura galanta ere bai. Hortaz, hau ez da opari edo aitorpen hutsa, lanerako gonbita baizik».
«Hau ez da opari edo aitorpen hutsa -gaineratu zuen Urrutiak ekimenaren hastapenean-, Euskaltzaindiatik ere erantzun behar diegulako belaunaldi berri baten kezkei, mende berri eta korapilatsu baten erronkei erantzun behar diegulako elkarrekin. Elkarrekin baino ez dugulako aurrera egingo, euskarak elkartuta behar gaituelako: erakunde, gizarte eragile eta gizartea bera, eskutik hartuta. Abia gaitezen etorkizunera, ekin diezaiogun, gure ahultasunak onartuz, erabaki zuzenak edo zuzenenak hartuz eta modu positibo eta eraginkorrean jokatuz. Horretarako behar dugu zuen hauspoa, zuen gogoa eta zuen ahalegina. Ondo etorriak, bai, baina ekinerako».
Hona hemen 2024ko maiatzean urgazle (9) eta ohorezko euskaltzain (21) izendatutako euskaltzaleen zerrenda.
OHOREZKOAK
- Joxe Austin Arrieta (Donostia, 1949)
- Roman Berriozabal (Elorrio, 1957)
- Philippe Chareyre (Nimes, 1956)
- Jose Ramon Etxebarria (Gernika, 1948)
- Natxo de Felipe (Bilbo, 1949)
- Joakin Gorrotxategi (Eibar, 1953)
- Juanito Gallastegi (Durango, 1933)
- Xabier Garagorri (Andoain, 1944)
- Libe Goñi (Nafarroako Oteiza, 1947)
- Bernardo Ibarra (Iurreta, 1952)
- Jose Karrera (Eibar, 1938)
- Mariasun Landa (Errenteria, 1949)
- Amaia Lasa (Getaria, 1948)
- Mikel Lasa (Donostia, 1938)
- Iñaki Martinez de Luna (Gasteiz, 1950)
- Jose Mari Espartza (Tafalla, 1951)
- Pello Mariñelarena (Etxarri Aranatz, 1956)
- Xabier Olarra (Tolosa, 1953)
- Mentxu Peña (Irun, 1953)
- Xabier Rico (Gasteiz, 1953)
- Iñaki Sarriugarte (Bilbo, 1953)
URGAZLEAK
- Katixa Agirre (Gasteiz, 1981)
- Patri Arburua (Igantzi, 1972)
- Miren Basurto (Segura, 1968)
- Miel A. Elustondo (Azpeitia, 1958)
- Fermin Erbiti (Iruñea, 1964)
- Inma Errea (Iruñea, 1960)
- Fernando Rey (Iruñea, 1961)
- Ekaitz Santazilia (Iruñea, 1987)
- Patxi Zubizarreta (Ordizia, 1964)