Euskaltzaindiak Osoko Bilkura egin du gaur Bilboko Sociedad Bilbainaren egoitzan, eta bertan aukeratu du datozen lau urteetan Akademiaren jarduna gidatuko duen lantaldea. Bozketa egin ondoren, hauxe erabaki dute euskaltzainek: Andres Urrutiak jarraituko du Akademiaren buru, eta bere ondoan izango dira Itxaro Borda (buruordea), Miren Agur Meabe (idazkaria), Roberto González de Viñaspre (diruzaina), Miriam Urkia (Iker sailburua) eta Paskual Rekalde (Jagon sailburua) euskaltzain osoak. Beraz, batzorde parekidea izango du Akademiak ondorengo lau urteetan, euskararen lurralde guztiak hartzen dituena, Itxaro Bordak Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeak ordezkatzen dituenez.
Hortaz, Zuzendaritzan lehendik aritu ez diren hiru kide berri izango dira (Itxaro Borda, Miren Agur Meabe eta Paskual Rekalde) eta beste hiru kidek utziko dute Akademiaren artezkaritza organoa, hain zuzen, Jean-Baptiste Coyosek, Adolfo Arejitak eta Sagrario Alemanek.
Hona hemen datozen lau urteotako Zuzendaritzako kideen profilak:
Andres Urrutia Badiola (Bilbo, Bizkaia, 1954). Zuzenbidean doktorea eta lanbidez notarioa eta Deustuko unibertsitateko irakaslea (1989-2021). Terminologia masterra ere badu. (Universitat Pompeu Fabra, 2014). Esparru hauetan dihardu: Jurilinguistika, Hizkuntza Zuzenbidea eta euskal zuzenbide zibila. Euskaltzain urgazle izendatua 1991ko urtarrilaren 31n eta euskaltzain oso 1997ko martxoaren 21ean (Legearen zirrikituetatik barrena izeneko sarrera hitzaldia irakurri zuen Bilbon, 1998ko otsailaren 27an). Gaur egun euskaltzainburua da, 2004ko abenduaren 17an izendatua. Era berean, Institut d ´estudis catalans erakundearen Secció Filológicaren kide urgazlea da (2010). Ondorengo lau urteetan Akademiaren buru izaten jarraituko du.
Itxaro Borda (Baiona, Lapurdi, 1959). Historian lizentziaduna da (Paue eta Aturrialdeko Unibertsitatea) eta ogibidez postaria izan da Parisen lehenik eta Zuberoan eta Lapurdin azkenik, erretreta hartu arte. Literatura ibilbidea behatuz geroz, 1981ean Maiatz aldizkariaren sorreran parte hartu zuen Lucien Etxezaharretarekin batera, eta bertan argitaratu zuen idazlan sorta ederra, bereziki, euskaraz idatzitako olerkiek osatua. 2002an, Euskadi Saria irabazi zuen 100 % basque lanari esker. Eleberri andana ere argitaratu du azken hamarkadetan, hala nola Udaran betaurreko beltzekin (1987, Txertoa), Bakean ützi arte (1994, Susa), Amorezko pena baño (1996, Susa), Bizi nizano munduan (1996, Susa), % 100 basque (2001, Susa - Euskadi Saria), Zeruetako erresuma (2005, Susa), Jalgi hadi plazara (2006, Susa), Ezer gabe hobe (2010, Susa). Bere azken lana 2024an argitaratu du, hain zuzen, Itzalen tektonika (Susa) poesia liburua. Prentsako artikuluak idatzi ditu ondoko egunkari edo aldizkarietan: Herria, Herriz Herri, Gernika, Zeruko Argia (1977) eta Argia (1980), Euskaldunon Egunkaria, Berria eta abar. Hainbat sari eskuratu ditu bere idazle-ibilbidean, besteak beste, Euskadi Saria (2002), Galiziako PEN erakundearen Rosalia de Castro saria (2010), Sarako Liburu Azokako saria (2016), Eusko Ikaskuntza-Baiona Hiria saria (2019) eta Gehitu saria (2021). Euskaltzain urgazle izendatu zuten 2021eko azaroaren 26an eta euskaltzain oso 2022ko azaroaren 26an. Aurrerantzean, Akademiaren buruorde izanen da.
Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962). Magisteritza eta Euskal Filologia ikasi, eta irakaskuntzan eta testuliburugintzan aritu zen hainbat urtetan. Helduentzat nahiz haur eta gazteentzat idazten du, bai prosa bai poesia. Kritikaren saria jaso zuen 2001ean eta 2011n, Azalaren kodea eta Bitsa eskuetan poema-liburuengatik; eta Euskadi saria hiru aldiz erdietsi du, Itsaslabarreko etxea (2002), Urtebete itsasargian (2006) eta Errepidea (2011) gazte-nobelei esker. Mila magnolia-lore albuma eta Itsasoaren atea IBBYren Ohorezko Zerrendetan ageri dira. Espainiako Poesia Saria irabazi zuen 2021ean Nola gorde errautsa kolkoan lanagatik. Literatur itzulpengintzan ere aritzen da. Besteak beste, Forough Farrokhzad poeta irandarraren, Skolastique Mukasonga ruandarraren eta Helène Vignal frantziarraren obrak ekarri ditu euskarara. Bi aldiz irabazi du Vitoria-Gasteiz itzulpen saria. Ohorezko aitortzen artean, Lauaxeta (2007), Rosalia de Castro (2012) edota Gutun Zuria (2022) aipatu behar. Euskara-ikasleentzako irakurgai mailakatuak ere landu izan ditu. Bere testuetako batzuk hainbat hizkuntzatara eta braillera itzuli dituzte. Nazioarteko hainbat jardunaldietan parte hartu ohi du. Euskaltzain osoa da 2022tik eta Akademiaren idazkaria izango da ondorengo lau urteetan.
Roberto González de Viñaspre (Bilbo, Bizkaia, 1961). Bilbotarra jaiotzez, Araban -Trebiñun- bizi izan da gaztetatik. Euskal Filologiako lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta Eusko Jaurlaritzako funtzionarioa, hizkuntzaren normalizazioaren alorrean. Euskaltzain urgazle izendatua 2015ean eta oso 2018an, Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaria da eta Onomastika batzordearen buru, 2018ko urtarriletik aurrera. Arabako toponimia historikoa da gehien landu duen ikerketa esparrua, eta arreta bereziarekin aztertu du Trebiñukoa. Aurrerantzean, Akademiaren diruzaina izanen da.
Miriam Urkia Gonzalez (Donostia, Gipuzkoa, 1965). Euskal Filologian doktorea (EHU, 1997). Aurretik Euskal Filologian lizentziaduna (Deustuko Unibertsitatea, 1988). Lexikografia, corpusgintza, morfologia konputazionala eta hizkuntza-teknologiak dira bere lan-esparruak. UZEIko langilea 1983tik, Lexikografia saileko zuzendaria da 1992tik eta, teknologiei lotutako lan lexikografikoekin batera, bereziki Euskaltzaindiari lotutako lanetan dihardu. Hiztegi Batuko lantaldeko kide 1999tik eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradun 2013tik. Euskaltzain osoa da 2018tik eta Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaria 2017tik. 2021etik Iker sailburua izan da eta datozen lau urteetan ere sail horren ardurarekin jarraituko du.
Paskual Rekalde Irigoien (Amaiur, 1963). Euskal Filologiako lizentziaduna. Lanbidez, nagusiki, euskara itzultzailea izan da. Bi ikasturtez Euskal Hizkuntza eta Literaturako irakasle izan ondotik, Nafarroako Gobernuko euskara itzultzaile ari izan da 1989tik 2023ra arte; artean Nafarroako Hezkuntza Departamentuko Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroaren zuzendari ere izan zen. Euskaltzain urgazlea (2003) eta euskaltzain osoa (2020). Euskaltzaindiko zenbait batzorde eta lantaldetako kide da: Corpus Batzordea (2000-2016), Euskalkien Lantaldea (2001- ), Euskaltzaindiaren Hiztegiaren Lantaldea (2001- ), Gramatika Batzordea (2003 - ), Onomastika Batzordea (2013 - ), Euskara Batuaren Eskuliburuaren Batzordea (2015 - ), Morfosintaxiaren Estandarizazioaren Batzorde Ahaldundua (2021 - ). Halaber, Hizkuntza Kalitatearen Behatokiaren zerbitzuko arduraduna da 2013tik. Parte hartu du zenbait itzulpen eta ikerketa-lanetan: (1996) Mariano Izetaren Baztango Hiztegia lanaren prestatzailea; (2002) SOS Arrazakeria Nafarroaren Kultura arteko hezkuntzaren 20 saio: bizi ezazu aniztasunaren aberastasuna lanaren itzultzailea; (2004) Euskara batua eta euskalkiak Nafarroako administrazioan eta hezkuntzan: inkesta batean emaitzak, kezkak eta ondorioak (elkarlanean) (Euskera); (2007) Xorroxin Irratiaren eta Dindaia Fundazioaren Baztango ipuinak lanaren prestatzailea; (2015) Mariano Izetaren Dirua galgarri lanaren prestatzailea; (2018) Euskal oikonimia Baztan-Bidasoa eremuko lekukotasun historikoen argitan in De Engrazia a Garazi: el misterio de los nombres en Navarra (elkarlanean Andres Iñigorekin); (2018) Etxezarra. 1912 Baztan 2012: Fr. Pedro María de Madrid, José Luis Larrión: elkarrizketak – diálogos lanaren itzultzailea; (2019) Zenbait toponimoren lekukotasunak Bortzirietako, Malerrekako eta Baztango agiri zaharren argitan (elkarlanean Andres Iñigorekin) (Euskera). Akademiaren Jagon sailburua izango da ondorengo lau urteetan.