Durangoko Azokaren atarian, liburu berria kaleratu du Euskaltzaindiak, hain zuzen, Adolfo Arejita euskaltzain osoaren Esaera goikoaz behera irauliak (Herri-literaturan errefrau-jorran). Akademiak Bilboko Udalarekin eta Bizkaia Irratiarekin elkarlanean editatu du ikerlana.
Esaera goikoaz behera irauliak liburuan (Lehen eta Orain bilduma), ehun errefrau hartzen dira berbagai eta azterkizun; gainera, ehun esaera horiek oinarri dira era bateko eta besteko iruzkinak egiteko: Adolfo Arejitak gogoeta egin du, errefrauoi hamaikatxo azalpen zein hausnarketa erantsiz. Honela, Euskal Herrian XVI. mende bukaerako lehen bildumetatik hasi —1596ko Refranes y sentencias eta Esteban Garibaikoaren bilketetatik— eta oraintsura arteko errefrautegietako aleak aztertu ditu egileak.
Euskaltzaindiaren egoitzan gaur egin den agerpenean, Jabier Kaltzakorta euskaltzain osoak ikerlanaren onurak azpimarratu ditu: «Liburu-egileak jaso dituen esaerak —batez ere Bizkaikoak—, irakurleak orri hauetan baino ez ditu irakurriko. Errefrau-erramoldeetatik harago, egileak hitzak berak ere gogoetagai ditu. Hala, euskal klasikoen testuetan ez ezik, umetatik ikasitako euskaran zein urteetan zehar handik eta hemendik entzundako berbetan murgildu da. Era horretara hainbat ñabardura eman ditu hitzen gainean».
Bere aldetik, Eider Inunciaga Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako Saileko zinegotziak ikerketaren garrantzia nabarmendu du, eta «euskal literaturarentzat eta gure etxeko liburutegi guztientzat opari» gisa definitu du, «Olentzeroren eguna hurbiltzen ari den honetan kontuan izatekoa». Inunciagak Euskaltzaindiaren eta Bilboko Udalaren arteko lotura estuak gogorarazi ditu: «Bilboko txoko guztietan euskararen erabilera sustatzea, indartzea, zabaltzea eta normalizatzea da erakunde bien helburua, eta horretan gabiltza azken bi hamarkadetan, hizkuntza biziberritzeko eta euskal kultura zabaltzeko konpromisoa sendoa daukagulako».
Errefrauak, euskal gizartearen ispilu
Azalpenean, Adolfo Arejitak esan du herri baten ispilu direla errefrauak, kasu honetan, «euskal gizartearen ispilu». Eta aitortu du baliatu dela errefrauez «jende xeheari irakasteko zein den gure kultura, herri-jakintza». Arejitak liburuak zer dakarren zehaztu du: «Atsotitz edo errefrau generoko edukia du liburu honek, beraz, saiakera generoko obra da. Bizkaia Irratian emandako bertsioen gainean landutako eta osatutako bertsio idatziak dira. Azkuek Euskalerriaren Yakintza izeneko hiru liburuki argitaratu zituen, eta hirugarrenean euskal errefrauen bilduma handia egin zuen. Nik bide horri eutsi nahi izan diot, herri-literaturaren iturri horrek emari ugari duenez, baita ere gaurko euskararentzat eta literatura modernoarentzat, errekurtso asko ematen baititu».
«Euskararen lurralde desberdinetako ehun errefrau bildu ditut, eta, horrekin batera, esaera bakoitzaren azpian dagoen mezua ere azaldu nahi izan dut, errefrauak erabiltzen ditugulako ikasgairen bat transmititzeko. Zentzu honetan, hizkuntzaren egitura aberatsak dira esaera zaharrak», ohartarazi du egileak.
Hona hemen Adolfo Arejitak liburuan bildu eta aztertutako atsotitz edo esaera zahar batzuk:
- Alferra (Alperra beti nekean)
- Artea eta sagar-arbola (Arteak ez du emango sagarrik)
- Aurre-atzeak (Aurreak erakusten dau atzea zelan ibili)
- Bilbao eta birao (Bilbao, han bere dongeak birao)
- Dagoenean (Dagoanean dagoantxoa, ene-enetxoa!)
- Errota, bolua, eihera (Errota on da dabileno, ez geldirik dagoeno)
- Gatza eta zentzua (Gatza gatzontzian eta zentzuna auzoan)
- Katua eta buztana (Gure katuak buztana luze; norbera legez besteak uste)
- Odolkiak edo odolosteak (Odolkiak ordainetan)
- Otsoa (Otsoa non aipa, han gerta!)
- Pupua eta mantarra (Lauzuriren pupua eta laumarairen mantarra)
- Suari putz (Bakoitzak bere suari putz)
- Zorria eta txerria (Bertzeren buruko zorria dakusa eta ez bere lepoko txerria)
















