Danserie ensemble taldeak kontzertu berezia emango du abenduaren 2an. Lekuak berak egiten du berezi emanaldia, Nafarroako Parlamentuko patioan izanen baita, arratsaldeko 19etan. Baina, horrez gain, kontzertuaren mamia ere ez da nolanahikoa, Danseriek Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburuan oinarritutako emanaldia iragarri duelako. «Euskarazko lehen liburuko poesiak, garaiko musikaz kantatuak», azpimarratu dute musikariek.
Horretarako, CD bat plazaratu dute Pamiela argitaletxearen eskutik, hain zuzen, «zortzi urteko ikerketa lanaren fruitua». Koldo Azkona ikerlari eta Bernart Etxepare, 1545 proiektuaren zuzendariak lanaren ezaugarriak azaldu ditu gaurko prentsaurrekoan: «Errenazimentuan maiz erabiltzen zen contrafactum izeneko teknika baliatu du Danserie taldeak lan hau sortzeko, hau da, poesia bati bere metrikarekin bat egiten duen doinu bat egokitzea bertsoak kantatu ahal izateko. Hain zuzen ere, Erdi Aroko, Errenazimentuko eta hasierako Barroko garaiko doinuak hartu ditu, horietarik batzuk Euskal Herriko antzinako doinuak».
«Diskoa grabatzeko, hizkuntza zaindu du bereziki -gaineratu du Azkonak-, eta, horretarako, funtsezkoak izan dira grabaketan parte hartu duten Nafarroa Garaiko eta Behereko kantariak: Marta Huarte, Ezkirozko sopranoa; Andoni Sarobe, Arantzako baritonoa; Guy Saldubehere, Aldudeko tenorea; eta Ihitz Iriart, Zuberoako kontraltoa». Era berean, hainbat filologo eta historialariren laguntza izan du taldeak.
Grabazioaz gain, Danserie taldeak Nafarroako Errege Artxibo Nagusia arakatu du, eta emaitza arrunt interesgarria izan da. «Etxepareri buruzko eskutitz bat, egundaino ezezaguna, eta bere bizitza pertsonalari buruzko informazio berriak aurkitu ditugu», aitortu du Azkonak.
Kontzertuaren berezitasunak
Asmoaren tamaina ikusirik, Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak babesa eman zioten proiektuari, eta CDa argitaratzearekin batera, kontzertu berezi bat antolatzea erabaki zen. Honela, Euskararen Egunaren atarian, Errenazimentuko musika ederrean adituko dira Etxepareren bertsoak.
Kontzertua abenduaren 2an izanen da, astelehenez, Nafarroako Parlamentuaren patioan eta 19etatik aurrera. Sarrera doakoa izanen da baina kontzertura joan nahi duen orok Parlamentuko telefonora (948 209209) deitu beharko du, izena emateko.
Parlamentuko ateak 18:30ean irekiko dira, jendea sartzeko. Kontzertuan hamar musikarik parte hartuko dute eta guztira 18 pieza joko dituzte, tartean, Sautrela, Amoros sekretuki dena, Kontrapas eta Ardoarena piezak.
Bernat Etxepare (Sarasketa, c. 1490 - ?) euskaraz inprimatutako lehen liburuaren idazlea da. Kapare leinuko etxe batean sortu zen, Sarasketa herrian, Donibane Garazitik hurbil. Apez ikasketak egin ondotik, 1511n meza kantatu, eta Eiheralarreko erretorea izan zen. Baionako apezpikuaren bikarioa izan zen Garazin. Nafarroaren Konkistaren lekuko izan zen, eta gatazka horrek eragindako salaketa batzuengatik kartzelan egon zen. 1545ean euskarazko lehenbiziko liburua inprimatu zuen Bordelen, Morpain inprimategian, Bertrand Lehet abokatu euskaldunak lagundurik.
Danserie taldea
Danserie taldea Iruñean sortu zen duela 25 urte, eta antzinako musika ikertzen eta interpretatzen du. Musikari profesionalek parte hartzen dute taldean, eta garaiko musika-tresnen kopiak jotzen dituzte kontzertuetan: Errenazimentuko flautak eta txistua, txirimia (edo xaramela), txirula barrokoa, zango-biola (viola da gamba), biolontxeloa, klabizenbaloa, nickelharpa, zarrabetea, lautea etab. Errenazimentu eta Barroko garaiko tekniketan eta estiloan jotzen dituzte musika-tresna horiek.