Gasteizko Toponimia egitasmoa zarratzen duen azken liburukia aurkeztu da gaur Arabako hiriburuan. Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak duten lankidetza-hitzarmenak eman duen azken emaitza da Dibiña II, ia 30 urteko ibilbideari amaiera ematen dion argitalpena. Agerpena udaletxean egin da eta bertan izan dira María Nanclares Gasteizko Udalaren Euskara zinegotzia, Roberto González de Viñaspre euskaltzain oso eta Akademiaren Arabako ordezkaria, eta Elena Martínez de Madina ikertzaile, euskaltzain urgazle eta ikerlanaren egilea.
María Nanclares Gasteizko Udalaren Euskara zinegotziak erakundeen arteko aspaldiko elkarlana gogoratu du prentsaurrekoan. Bertoko toponimia berreskuratzeak daukan garrantzia ere azpimarratu du, eta, horrekin batera, ondare hori gizartearen esku jartzeko beharra: «Toponimia kultura-ondare immaterialtzat jotzen da, eta, beraz, oso pozgarria da gasteiztarrek kultura-ondare garrantzitsu hori eskura izatea». Roberto González de Viñasprek azken hamarkadetan Gasteizko Udalak emandako laguntza sendoa eskertu dio María Nanclaresi, «Akademiarentzat ezinbestekoa eta estrategikoa izan dena eta dena». Elkarlan honen beste emaitza garrantzitsu bat ere aipatu du euskaltzainak, hain zuzen, 2021ean estreinatutako Arabako ordezkaritza berria. Gasteizko Toponimia egitasmoaren zuzendaria ere bada González de Viñaspre. Ildo horretan, hauxe nabarmendu nahi izan du euskaltzain arabarrak: «Proiektu handi bati amaiera ematen dion liburukia dugu begi-eskuetan. Egitasmo honen altzora bildutako bederatzi liburuki mardul hauek gaurko herritarrontzat informazio-bilduma bikaina osatzen dute, eta bihar-etzikoentzat legatu jori bezain baliotsua dira. Proiektuari amaiera heldu zaio, baina ez da inola ere agortu gai honen inguruan egitea komeni den kontzientziazio eta zabalkunde-lana».
Ikerlan praktikoa
Egitasmoak urteetan eskatu duen landa-lana Elena Martínez de Madina ikerlari eta euskaltzain urgazleak egin du, Gasteizko udalerri osoko toponimia aztertu duela azken urteotan, hots, hiria bera eta 64 herri. Gaur, lan erraldoi horren bederatzigarren eta azken ahalegina aurkeztu da, Dibiña II. Esan bezala, egitasmo zabal honetan, hiriburuaz gain, Gasteizko beste 64 herriak ere sartzen dira: Malizaeza, Ubarrundia eta Langraiz merindadeetako lanak argitaratu ziren beste sasoi batean (4 liburuki); jarraian, Arratzua deritzonaren aldia iritsi zen (hiru liburukitan banatu zen ikerketaren emaitza), eta gaur Dibiñari dagokion bigarren CDa agertu da, liburuki itxuran. «Argitalpen hau, Dibiña II, merindadearen azterketaren bigarren zatiari dagokio eta herri hauetako toponimia biltzen du: Artatza, Gereña, Legarda, Mandoia / Mandojana, Martioda, Otobarren / Hueto Abajo, Otogoien / Hueto Arriba eta Uribarri Dibiña / Ullíbarri-Viña. Beraz, orain dela bi urte argitaratutako Dibiña I liburukiaren osagarri da», azaldu du Martinez de Madinak. Bestelako datu batzuk ere eman ditu: «Dibiña II lanerako toponimiaren ikerketa 30.000 sarrera inguruko corpus batean oinarriturik egin da, eta, liburu honetan, gutxi gorabehera, 12.000 dokumentu-lekukotasun eta 984 sarrera toponimiko aurkeztu dira, hurrenkera egokian sailkatuak».
Lanaren garrantzia argi geratu da, baina ikerlariak bestelako kontu bati erreparatu nahi izan dio, hain zuzen, egin duen lanaren erabilgarritasunari: «Proiektu honek ondorio praktikoak izan ditu, berreskuratu ditugun izenak auzo edo leku berriak izendatzeko erabili izan direlako sarritan, eta desitxuratuta zeuden toponimoak zuzentzeko ere baliagarria izan da».
Euskaltzaindiaren egitasmo erraldoi honen datu-baseak 400.000tik gora sarrera toponimiko ditu, bederatzi liburukietan 121.000 datu dokumental publikatu dira eta 13.086 sarrera toponimiko arautu.