Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina erakusketa Garesko Vínculo etxean dago ikusgai, azaroaren 26ra arte. Bertan, aragoiera, katalana, okzitaniera eta euskararen inguruko azalpen eta datu anitz ematen dira. Erakusketaren inaugurazio-ekitaldian izan dira Ainhoa Azpilcueta Garesko Udaleko Euskara eta Hezkuntza zinegotzia, Javier Arakama Euskarabidea Institutuko zuzendari - kudeatzailea eta Sagrario Aleman Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria eta Akademiaren Jagon sailburua.
Agerpenean, Ainhoa Azpilkuetak hizkuntza desberdinen arteko harreman historikoaz jardun du, gogoraraziz Done Jakue bideari eta Errege-abelbideari esker Pirinioak eta Gares estuki loturik egon direla historikoki: «Anitzetan aditu dugu Pirinioa ez dela muga izan, eta hala izan da aspalditik. Peio Monteano historialariak dio XVI. mendean behenafar ugari etorri zirela Izarbeibarra bizitzera, batzuk eskribau lanetan aritzeko eta beste batzuk hargin lanak egiteko. Dudarik gabe, euskaldunak ziren, eta denboraren poderioz bertako aldaera ikasiko zuten. Gure euskara aldaera, XIX. mendean galdu zena, oraindik entzun dezakegu Erroibarko adineko hiztunen artean, bi ibarrak hego-nafarreraren geografiaren parte izan baitira. Bertze lotura bat Pirinioarekin Errege-abelbidea izan da. Aezkoa-Cascantekoak zeharkatzen du gure geografia, eta bide horren bitartez animaliak, pertsonak eta hitzak heldu zaizkigu. Lotura historikoen aipamena amaitzeko, nafar-aragoieraren presentzia azpimarratu behar dut. Nafar-aragoieraren mintzoa duela hainbat mende desagertu arren, ez dira guti Izarbeibarko gaztelanian geratu zaizkigun hondar hitzak. Horretaz ohartzeko, Jose Mari Iribarrenen hiztegia irakurri bat baino ez dugu egin behar».
Bere hitzaldian, Sagrario Alemanek eskerrak eman dizkio Udalari, Euskara Kultur Zikloan erakusketari tokia egiteagatik eta euskararen alde egiten ari den lanagatik. Nafarroako Gobernuarentzat ere esker oneko hitzak izan ditu: «Urtero sinatzen dugun hitzarmenak aukera ematen digu erakusketa hau eta beste batzuk Nafarroako udal eta kontzejuetara eramateko». «Askotan uste dugu Pirinioen bi aldeetan gaztelera eta frantsesa direla hizkuntza bakarrak, euskararen, okzitanieraren, aragoieraren eta katalanaren kalterako. Erakusketa honetan laburbiltzen dira hizkuntza horien ezaugarrietako batzuk eta beraien historiaren adierazpen garrantzitsuenak», azaldu du Sagrario Alemanek.
Javier Arakamak ere Akademiaren eta Euskarabidearen arteko aspaldiko lankidetza ekarri du gogora: «Honelako egitasmoetan ikusten dira Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak daukaten hitzarmenaren ondorio positiboak, nafar herritarrentzat onuragarri direnak. Beraz, erakunde bien arteko elkarlana emankorra da oso». Gainera, adierazi du ikerketa bezain garrantzitsua dela ikerketaren emaitzak plazaratzea, gizartearen esku jartzea, «eta Euskaltzaindiak dibulgazio lan hori bikain egiten du».
Erakundeetako ordezkarien hitzen ostean, hizkuntzalaritzan adituak diren bi gonbidatuen hitzaldiak entzuteko aukera izan da Garesen: Josune Aznarez, filologoa eta Eusko Ikasgaietan aditua, nafar Pirinioetako ekialdeko euskalkiei buruz aritu da. Bigarren hizlaria Anchel Reyes izan da. Soziologo eta ikerlari honek, aragoieraren gaur egungo egoera zein den azaldu du.