Zenbaitetan, honelakoak irakurtzen eta entzuten dira: «Gogoan izatekoa da Hillary Clinton demokratak Donald Trump errepublikarrari aldea atera ziola botoetan», «AEBetako hauteskundeetan arreta osoa zirt edo zart egin dezaketen zazpi estatutan jarrita dago», «AEBek diktaduraren ezarpena babestu zuten».
Ameriketako Estatu Batuak estatuaren sigla AEB da (eta ez *AEBak), siglak izendapen osoa ordezkatzen baitu, artikulua barne. Hala dio Euskaltzaindiaren 196. arauak. Arau horretan gogorarazten denez, kasu-markak ere modu berean hartzen ditu: «AEBko hauteskundeak» (ez *AEBetako), «Euskal diaspora AEBn» (ez *AEBetan), «AEBk Nikaragua zigortu du» (ez *AEBek).
Letraka irakurtzen da AEB sigla [a-e-be].
Bestalde, errepublikano arautu du Euskaltzaindiak (errepublikar ez da ageri hiztegi arauemailean).
Aldiz, errepublikazale ere arautua dagoen arren, hiztegiaren arabera, ‘errepublikaren aldekoa’ adiera du, eta ez besterik. Hortaz, ez da egokia ‘Ameriketako Estatu Batuetako Alderdi Errepublikanokoa edo alderdi horri dagokiona’ izendatzeko.
Beraz, gorago aipatutako esaldiak honela idatziko genituzke: «Gogoan izatekoa da Hillary Clinton demokratak Donald Trump errepublikanoari aldea atera ziola botoetan», «AEBko hauteskunde presidentzialetan arreta osoa zirt edo zart egin dezaketen zazpi estatutan jarrita dago», «AEBk diktaduraren ezarpena babestu zuen».
Argibide gehiago: