Euskaltzaindiak XXIX. Jagon jardunaldia antolatu du, Euskararaen biziberritzea: arlokako etorkizun ikuspegia (lan mundua eta aisialdi antolatua) goiburu duela. Azaroaren 28an izanen da, Akademiaren egoitzan eta goiz osoz.
Euskaltzaindiaren baitako Euskararen Gogoetaguneak zeregin bat hartu du datozen urteotarako: euskararen bisio edo etorkizun-ikuspegia lantzea, eta etorkizun-ikuspegi horretara norabidetutako arnas luzeko estrategia nagusiak marraztea. Bisio edo etorkizun-ikuspegi bizigarri eta bideragarria ekoiztea eta arnas luzeko estrategia nagusiak marraztea berebiziko lana da euskararen biziberritze prozesuaren abagune honetan, tentuz eta jakitez egin beharrekoa.
2022an euskararen biziberritze prozesuaren etorkizun-ikuspegiaren erdiguneko ponentzia landu ondoren, 2023 eta 2024an etorkizun-ikuspegiari buruzko hainbat arlotako ponentziak landu dira. Iazko Jagon jardunaldian aurkeztu ziren horietako bi, eta aurten beste bi arlo landuko dira. Bata, aisialdi antolatuko txostena, Gogoetagunearen barruan landua: aisialdi antolatuaren edo hezkuntza ez-formalaren arloari dagokiona. Beste arlo funtsezko bat, lan eremuari dagokiona, bere aldetik Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeak landu du azken bi urteotan, eta txosten hori aurkeztuko da jardunaldian. Aurkezpenak entzun, iritzia eman eta bi arlo horien norabideaz elkarrekin pentsatzeko antolatu da aurtengo Jagon jardunaldia.