Euskara Ibiltaria erakusketa interaktiboa Burlatan izanen da, gaurtik hasi eta azaroaren 24ra bitarte. Erakusketa aurkezteko prentsaurrekoan parte hartu dute Berta Arizkun Burlatako alkate andreak, Javier Arakama Euskarabidea-ko zuzendari-kudeatzaileak, Sagrario Aleman Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariak, Maitane Bueno Laboral Kutxaren Nafarroako eskualde-zuzendariak eta Adolfo Arejita Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egitasmoaren zuzendariak. Ana Ollo Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria eta Unai Uhalde Nafarroako Parlamentuko lehendakaria ere ekitaldian izan dira.
Bere mintzaldian, Berta Arizkun (Burlatako Udala) pozik eta eskertuta agertu da Euskaltzaindiak Burlata hautatu duelako Iruñerrian erakusketa aurkezteko. Era berean, eskerrak eman dizkie ekitaldira hurbildu diren herritar zein ordezkari politikoei. «Honelako ekitaldiek erakusten dute Udalarentzat euskara garrantzitsua dela, guretzako garrantzitsua baita udalerriko hizkuntza propioa dena ikusarazteko ekintzak gauzatzea. 30 urte baino gehiago dira Burlatan Euskara Zerbitzua sortu zela, eta egun, hasierako urte horietan bezala, lanean jarraitzen dugu Burlatan euskararen normalizazioa lortzeko».
Sagrario Alemanek (Euskaltzaindia) ere erakundeen elkarlanaren garrantziaz jardun du lehenik. Ondoren, erakusketaren onurak hauspotu ditu: «Euskaltzaindiaren helburu nagusiak euskara ikertzea, arautzea eta euskararen erabilera sustatzea izan dira eta dira. Ildo horretan, garbi dugu mende batez egindako lana eta bildutako esperientzia jendartean ezagutarazi behar dela. Kasu honetan, hainbat pertsonak, haietako asko eta asko gure artetik joanak, hartu zuen parte erakusketa hau egiteko oinarria izan den Herri Hizkeren Atlasean. Erakusketa honen bidez, bisitariek beren hizkera entzunen eta irakurriko dute, Burlatan Basaburua, Ultzama eta Nafarroako hainbat herritatik etorritako jendea bizi baita eta beren herriko edo inguruko herrietako jendearen hitzak eta mintzoak jasoko dituzte».
Javier Arakamak (Euskarabidea) erakusketaren balioa nabarmendu du, eta, horrez gain, erakusketaren erakargarritasuna: «Oso modu erakargarrian dago emana informazioa, modu interaktiboan. Halere, ezer interaktiboagorik ez norbaitek aurrez aurre azalpenak ematea baino, eta hori ere izango du erakusketa honek, doako bisita gidatuak izango baititu; oso gomendagarriak».
Maitane Buenok (Laboral Kutxa) hitza hartu duenean, Laboral Kutxaren eta Euskaltzaindiaren elkarlana aspaldikoa dela aditzera eman du: «1977tik aurrera elkarlanean dihardugu Euskaltzaindiarekin, hain zuzen, Euskararen Liburu Zuriaren argitalpena ondu genuenetik». Ondoren, Euskara Ibiltaria «euskara eta euskal kultura sentitu, zaindu, baloratu, ezagutu eta gozatzen duen komunitateari» irekitzen zaion ekimena dela azpimarratu du. «Gazteak, familiak, adineko pertsonak… erakartzen dituen egitasmoa da Euskara Ibiltaria, eta belaunaldien artekoa. Zubi-lanak egiten ditu euskarak batetik bestera bidaiatu dezan», esan du Maitane Buenok.
Mapak, jokoak, animazioak, entzungaiak...
Erakusketa ibiltariaren abiapuntua Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa da, eta azken urteotan plazaratutako argitalpenak azaleratu bezala, euskararen ugaritasuna eta aberastasuna erakustea du helburu (lexiko mailan, izen-morfologia zein aditz-morfologia esparruetan eta sintaxia alorrean). Hala, Euskaltzaindiak gizarteari itzuli egin nahi dio atlasa egiteko euskal gizartearengandik jasotako jakituria.
Erakusketa bost atal nagusitan banaturik dago —Tokiak, Materialak, Argia eta soinua, Natura, eta Bizitza—, eta atal bakoitza atlaseko mapen hautaketa batek hornitua da, hala, bisitaria begi-kolpe bakar batez hizkuntza-aldaera horien guztien jabe egingo da. Horrezaz ostean, jokoak, animazioak eta entzungai gisako tresnak ere erabiltzen ditu erakusketak herri-hizkeren aberastasunean murgiltzeko.
A. Arejita: «Zentzumenei eragiten dien erakusketa da»
«Zentzumenei eragiten dien erakusketa ere bada Euskara Ibiltaria: ikusmenaz gain, entzun egin daitekeena, uki daitekeena, dastatzekoa dena, usaintzekoa», gogoratu du Adolfo Arejita EHHA egitasmoaren zuzendariak Burlatan. «Bisitariak —ohartarazi du—, euskararen aberastasunaz ohartzeaz gain, hizkuntza-atlasa zer den ikusteko aukera izango du, eta horren bidez, xix. eta xx. mendeetako bizimodua, gizartea eta ohiturak ezagutzekoa». Arejitak bestelako kontuak ere aipatu ditu agerraldian: «80ko hamarkadan, Hizkuntza Atlasa lantzen hasi ginenean, euskal hiztunek altxor hori eman ziguten, eta orain, Euskaltzaindiak gizarteari itzuli nahiko lioke. Horixe da, besteak beste, erakusketa honen helburua».
Halaber, erakusketaren mamia Euskararen Herri Hizkeren Atlasa den neurrian, Euskara Ibiltariaren xedea ere bada egitasmoaren historia gizarteratzea eta hizkuntza-atlasa lantzeko erabilitako metodologia, materialak eta bestelakoak ezagutzera ematea.
Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) euskararen aniztasunaren berri ematen duen argitalpena da, Euskaltzaindiak argitaratua eta dagoeneko hamaika liburuki dituena. Proiektua xx. mendeko 80ko hamarkadan abiatu zen ikerketa baten bidez. Euskal Herriko 145 inkesta-puntu aukeratu zituzten (Araban herri bakarra, Bizkaian eta Gipuzkoan 36na herri, Nafarroa Garaian 27, Lapurdin 15, Nafarroa Beherean 18 eta Zuberoan 12 herri), 319 berriemaile eta 2.857 galdera; 1987. eta 1992. urte artean eginiko elkarrizketok, guztira, 5.000 ordutik gorako grabaketa-bilduma osatzen dute.
Ordutegiak eta bisita gidatuak
Erakusketa azaroaren 24ra arte izanen da zabalik, astelehenetik ostiralera (17:00-21:00) eta larunbatetan (19:00-21:00).
Doako bisita gidatuak ere antolatu dira, data hauetan:
- Azaroaren 9an (larunbata), 12:00etan
- Azaroaren 14an (osteguna), 19:00etan
- Azaroaren 20an (asteazkena), 19:00etan
Bisita hauetan parte hartu nahi duen orok 660548779 telefono zenbakira deituz edo euskara@burlada.es posta elektronikora idatziz gorde beharko du lekua.