Ahozko Literaturako atalean, Mayi Ariztiak, Resurreccion Maria Azkuek, Jose Migel Barandiaranek, Jean Barbierrek eta bestek jasotako ipuin eta elezaharrak gehitu zaizkio Noeren ontziari, kontakizunak berak bezain indartsu diren ilustrazioekin hornituta.
Historia atalean, karlistaldien garaiko lekukotasunak, Mikela Elizegik eskainitakoak edota Frantzisko Apalategik jasotakoak; bandoren bat, soldadu karlistak desertatzera animatzen dituena esate baterako; edo garai hartan ondutako bertsoak, ez denak tristeak, Joseba Tapiak kantatzen duen “Apaizak tiraka pin pon” delakoak erakusten duen bezala.
Gaurko idazleei ere egin zaie tokia: Inazio Aiestaran, Koldo Izagirre, Joseba Sarrionandia… Eta baita testuen edukiari dimentsio zabalagoa ematen dioten irudi-bilduma, audio, bideo eta abarri ere.
Noeren ontzia: helburuak eta egitura
Euskaltzaindiak, gazteen artean den euskal kultura-ondarearen gaineko ezagutza urriaz eta haien irakurmenaren gainbeheraz kezkatuta, eta, ildo beretik joanda, euskal kultura lantzeko material didaktiko adostu baten hutsunea zegoela ikusirik, Noeren ontzia proiektua mamitu eta plazaratu du aurten. Euskal kulturaren itsasoan zehar ibiltzeko tresna digitala da, eta denon eskura dago, Euskaltzaindiaren webgunean.
Noeren ontziaren helburua: irautea eta zabaltzea merezi duten testuak jasotzen dira, estilo, erregistro eta tonu desberdinetakoak, hezkuntza-komunitatearen eskura jarriz. Testuez gain, gaiarekin lotutako ikonografiak ere (grabatuak, argazkiak, marrazkiak, mapak, grafikoak…) garrantzi berezia du proiektuan. Zenbaitetan, irudi horiek ez dira testuaren apaingarri hutsa, baizik eta testuaren edukiarekin batera aztertu beharreko elementuak. Honekin, gure aurrekoen ondarea jaso nahi da. Ez bakarrik euskaraz dagoelako, baizik eta, Koldo Mitxelenaren hitzak aipatuz, “sakonagoko zerbait” adierazten duelako.
Nori zuzenduta dago egitasmoa? Batez ere, DBHko eta Batxilergoko ikasleak gogoan hartuta atondu da, baina unibertsitateko ikasleentzat ere baliagarria izan nahiko luke, baita euskaltegi zein hizkuntza-eskolentzat, ikasmaterialak prestatzen diharduten Berritzegune eta argitaletxeentzat, edota Irakurketa Plana hezurmamitu behar duten ikastetxeentzat ere.
Noeren ontziak sei atalotan banatuta ematen ditu testuak: Historia, Herri-kultura, Hizkuntza, Literatura, Ahozko Literatura, Gaurko Gizartea eta Abestiak atalotan.

















