Zenbaitetan horrelakoak irakurtzen edo entzuten dira komunikabideetan eta bestelako iturrietan: «Anour gazte magrebiarraren bisita interesgarria izan genuen», «Emakume magrebiek osatzen zuten talde hori eta Euskal Herrian emakume musulmanek sortutako lehenengo elkartea izan zen», «Jatorri magrebiarreko gazteek egindako antzerki bat ikusi ahal izango da», «Erabilitako hipotesien artean, kaukasiarren, indoeuroparren aurreko iberiarren eta ipar afrikarren aldekoak izan dira euskararen iragana argitzeko hipotesirik ospetsuenak».
Eratorpena da kanpoko toponimoei dagozkien herritar‐izenak sortzeko modurik ohikoena, alegia, -ar, -tar edo -dar gehitzea toponimoari (ez -iar aldaera).
Horrela, Magreb leku-izenetik eratorriko forma arautua magrebtar da. Aldiz, magrebi eta magrebiar formak ez daude hiztegian. Gogoan izan, 178. arauan esaten denez, ez direla onargarriak «leku‐izenaren zati bati, erdal herritar‐izenari edo erdal herritar‐izenaren parte bati euskal atzizkia erantsita lortzen diren hibridoak» (salbuespenak araututa daude).
Bestalde, iparrafrikar jaso berri du Euskaltzaindiak hiztegi arauemailean (ez *ipar-afrikar, ez *ipar afrikar). Lehenagotik araututa zegoen iparramerikar forma ere (ez *ipar-amerikar, ez *ipar amerikar).
Hortaz, honela idatziko genituzke gorago aipatutako esaldi horiek: «Anour gazte magrebtarraren bisita interesgarria izan genuen», «Emakume magrebtarrek osatzen zuten talde hori eta Euskal Herrian emakume musulmanek sortutako lehenengo elkartea izan zen», «Jatorri magrebtarreko gazteek egindako antzerki bat ikusi ahal izango da», «Erabilitako hipotesien artean, kaukasiarren, indoeuroparren aurreko iberiarren eta iparrafrikarren aldekoak izan dira euskararen iragana argitzeko hipotesirik ospetsuenak».
Ikus, halaber: