Bizian gora mugimenduaren arima izan da Mila Egigure eta Mari Angeles Angoitia talde-lagun zituela. Bizkaiko Elizbarrutiak ere omendu izan du, Karmelo Etxenagusia Saria aitortzen ziola.
Oraintsura arte, adoreak eta indarrak lagundu dioten arte jardun du astean-astean irrati-tarte bat eginez Bizkaia Irratian, igandetako ebangelioa ardatz hartuta.
Bertsogile berdingabea. Zaletasunaz gainera, sen aparta zuen bertsogintzarako. Eta berbazko jardunetan, elizako sermoiak zirela, irrati-tarteak zirela, jende aurreko ekitaldiak zirela, beti tartekatzen zituen azkenerutz, zerabilen gaiaz ondo josiriko bertso bat edo bi.
Herri-jakintzan eta berariaz herri-literaturan murgil eginik bizi izan den gizona. Ibaizabal argitaletxean argitaraturik duen liburu-sortan bildu zituen aleka bere idatzi labur arin eta samurrak. Horiei begirada bat ematea aski da, euskal hizkeraren hamaika altxorrekin topo egiteko, errefrauak direla, esaerak direla, herri-sinesteen inguruko oharrak direla.
Hizlari eta idazle ereduzko bat joan zaigu gure artetik, aita Martzel Andrinuaren heriotzarekin.»
Adolfo Arejita (Euskaltzaindiaren idazkaria eta euskaltzain osoa)