Gero, arian-arian, haren merituak ezagutzeko aukera izan dut: bertsozale erabatekoa, poeta fina eta sentikorra, itzultzaile trebea eta esanguratsua, idazle errimea, irakasle ez nolanahikoa (markinar askoren lekukotza hortxe dago) eta ororen gainetik, euskaltzale porrokatua eta eragilea.
Euskaltzain ohorezkoa, Gramatika batzordearen partaide sutsua, Euskaltzaindiaren Hiztegian ere laguntzailea eta esan dezadan argi: hiztegigile eta lexikografo saiatua, Bostak bat taldeak moldaturiko hiztegietan langile nekaezina.
Eta zer esan Karmel aldizkarian izan dituen ardurei buruz? Julen Urkiza eta Patxi Uribarren adiskideek jakingo dute ondo harek eginikoak, behar asko ematen baitu aldizkari baten kudeaketak. Eta hori guztia, lanean eta otoitzean, bokazio ukaezin baten bidez, lurra eta sinesmena uztartuz eta lotuz.
Halakoetan partaide izateko aukera -eta zoriona- ere eskaini zidan, eta hala bete nuen, bere liburu batzuen hitzaurreak egiteko parada izan nuela. Orduantxe idatzi nuen Luis Baraiazarraren testuei 'musika dariela', euren bitartez entzuten baitira herri honen hari gogokoenak eta doinu sarkorrenak. Luisek bere liburu bati Txirlorak izenburua jarri zion. Poesiak ziren haiek eta hargin on eta ziur bati dagokionez, zerbait deuseza balira bezalaxe bateatu zituen. Haatik, txirlora horiek, finak izan arren, zin zinezko euskararen enbor osoa egin dute, hain zuzen ere, Luis Baraiazarrak utzi diguna.
Adiorik ez, adiskide, egun handira arte baino!».
Andres Urrutia (euskaltzainburua)