Luis Baraiazarra Txertudi Meñakan jaio zen, Urezandigoikoa baserrian, 1940ko martxoaren 17an. Herriko eskolan ikasi ondoren, Zornotzako karmeldarren seminarioan sartu zen. Filosofia Gasteizen ikasi zuen eta Teologia Bilbon. 1966an apaiztu eta Larrean hilabete batzuk egin ostean, Markina-Xemeingo komentura joan zen, bertan bizi izan dela gaurdaino. Maisutza ere ikasi zuen Baraiazarrak, eta hainbat urtez Bera Kruz ikastetxeko irakaslea izan zen. Garai hartan euskarazko material gutxi zegoen, eta oso ezagunak egin ziren bi liburu idatzi zituen: Euskal Herriko historia I eta II. 1988an irakaskuntza utzi eta hiztegigintzari heldu zion, Bostak Bat lantaldearekin.
Aldizkari ugaritan idatzi zuen karmeldarrak, baina Karmel aldizkarian nabarmendu zen, poeta, idazle eta zuzentzaile bezala. Bere lanen artean biografiak (Augustin Zubikarairena, Santi Onaindiarena, Jon Lopategiren...) eta itzulpenak nabarmendu behar dira. Baraiazarrak euskarara ekarri zituen Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoko testuak, eta Teresa Lisieuxekoaren, Santa Teresa Ávilakoaren eta San Joan Gurutzekoaren idazlan guztiak. Bitxikeria bezala aipatu behar da Santa Teresaren idazlanak euskaratzeagatik Espainiako 2015eko Itzulpen Onenaren saria eman ziotela, ordu batzuk beranduago kendu ziotena, arrazoi halamoduzkoak tarteko.
Bizkaiko Bertsozale Elkartearen idazkari ere izan zen hainbat urtean, eta epaile moduan ibili zen txapelketetan. Omenaldi ugari jaso ditu, baina nabarmentzekoa da Meñakan 2016an egin ziotena; ordutik, haren izena darama udal liburutegiak.