Olabide ikastolak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dute Akademiaren Arabako ordezkaritzan. Hitzarmenari esker, ondorengo bost urteetan Olabide Ikastola eta Euskaltzaindia lankidetzan arituko dira ikastolako jardun akademikoan, eskolaz kanpoko jardunean, bai eta Olabide osatzen duen hezkuntza komunitatearen eguneroko bizitzan ere, euskararen ezagutza, euskararen erabilera eta euskal kultura hedatzen duten programetan.
Honela, bi sinatzaileek lankidetzan jardungo dute ikastolako profesionalen hizkuntza-maila jasotzeko asmoz zehaztutako ekimenetan, bai eta Euskaltzaindiak euskararen batasunerako eman dituen eta ematen dituen arauen zabalkundean ere. Horretarako aurkezpenak, ikastaroak, eskuliburuak, mintegiak zein jardunaldiak antolatuko dituzte. Era berean, Euskaltzaindiak erantzuna emango die Olabide Ikastolako profesionalek egindako kontsultei, kontsultok euskal lexikoari, gramatikari, onomastikari, ortografiari eta, oro har, euskararen araugintzaren bestelako gaiei buruzkoak direnean.
Aipatutakoak betetzeko, Euskaltzaindiak eta Olabide Ikastolak Jarraipen batzordea osatuko dute.
Mikel Makazaga Olabide ikastolako zuzendariak aitortu du Olabide Ikastolarentzat «estrategikoa izateaz aparte» ikastolaren «izaera naturaletik ateratako ondorioa da hitzarmen hau». «Kalitatezko hezkuntza ematea da gure xedea -gaineratu du Makazagak- eta horrek ezinbestean eskatzen du eleanitzak izango diren etorkizuneko hiritar euskaldunak heztea. Horregatik, mundutik Olabidera eta Olabidetik mundura zabaldu nahiko genuke euskara eta euskaltzaletasuna eta bide horretan Euskaltzaindia bidelagun paregabea da, Gasteiz eta Araba euskalduna eraikitzeko».
Bere aldetik, Roberto González de Viñaspre Euskaltzaindiaren Arabako ordezkariak adierazi du Olabide Ikastolak hirurogei urte daramatzala «Gasteizen eta Araba osoan euskararen hazia zabaltzen». Zentzu horretan, hitzarmen honek «lan emankor hori aitortzen dio, eta aukera bikaina ematen digu euskararen normalizazioaren bidean elkarlanean aritzeko».