2023an, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Euskaltzaindiak Pello Apezetxea Zubiri euskaltzale goizuetarra omentzeko lehen beka sortu zuten. Apezetxea arlo anitzetako ikertzailea, ekintzailea eta sustatzailea izan zen, baina bereziki nabarmentzekoa da euskara babesteko, ikertzeko eta sustatzeko egin zuen lana. Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen 2004. urtean, eta 2022an zendu zen, 89 urte zituela.
Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaritzan egin den agerpenean, deialdiaren helburuak nabarmendu ditu Sagrario Aleman Jagon sailburuak: «Batetik, Pello Apezetxea ohorezko euskaltzaina omendu nahi genuen, eta, bestetik, soziolinguistika, dialektologia edota onomastika arloetarako ikerketa lan bat egiteko beka eman nahi genuen, Pellok egindako ikerketei segida emateko». Bada, bi helburuak bete dira, bekaren irabazleek, Jon Martin Etxebestek, Paula Laita Pallaresek eta Ane Osua Cabidak, Bortzirietako hizkuntza aniztasuna eta migratzaileen euskararekiko jarrerak sakonki eta zorrotz aztertu baitituzte. Bere aldetik, Leire Mitxelena Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakariak esan du bekadunek «ikerketa lan zabala» egin dutela eta «Bortzirietan hizkuntza aniztasuna lantzeko eta aintzat hartzeko proposamen zehatzak» eskaini dituztela.
Epaimahaiaren arabera, «ikerketa osoa eta landua» aurkeztu du lantaldeak, eta, gainera, «ikerketa teknika berritzaileak erabili dituzte, Haur Hezkuntzan egindako esplorazio esperimentala, kasurako».
Bera, Lesaka, Etxalar, Igantzi eta Arantzan aritu izan dira ikertzaileak, eta azterlanean jasotako datuetatik ondorio ugari atera daiteke. Hona hemen garrantzitsuenak:
- Bortzirietako ikasle gehienak D ereduan daude, baina egia da atzerritar aunitz nabarmena pilatzen dela A eta B ereduetan.
- Oro har, Bortzirietan etorkinek euskararekiko duten jarrera ona da. Areago, gehienek euskara (gehiago) ikasi nahiko lukete.
- Euskaldunek bai erdaldunek gaztelaniarekin lotzen dute ikus-entzunezkoen kontsumoa. Euskara ez dute modernotzat jotzen.
- Migratzaileek euskararen balio instrumentala aitortzen dute, lana aurkitzeko lagungarria baita.
- Euskarari komunikatzeko balioa aitortzen diote, harremanak egiteko ere lagungarria baita.
- Euskaraz ez jakiteagatik euskal kulturaren zati bat galtzen ari direla sentitzen dute kanpotik etorritakoek.
- Etorkinek euskara ikasteko baliabideak ezagutzen dituzte, baina euskara zaila den ideia oso zabaldua dago.
Honela, lantaldeak etorkizunean esku hartzeko proposamen zehatzak egin ditu, eta migratzaileen integrazio linguistikorako erronka garrantzitsuak identifikatu ditu:
- Integrazioarena alde biko prozesua da. Ahalegina ez dagokie bakarrik kanpotik etorri direnei, bertakoek ere saiakera egin behar dute, eta, erraterako, euskaraz aritzeko espazio partekatuak eskaini.
- Kultur eta kirol jarduerek garrantzi handia dute, elkargunerako baliagarri diren neurrian.
- Euskara ikasteko berariazko ikastaroak eskaintzea proposatzen da, etorkinen ezaugarriak (ordutegia, lanbidea, bizilekua…) aintzat hartuta.
Azkenik, azpimarratu behar da ikerketaren emaitza Jagon bilduman argitaratuko duela Euskaltzaindiak eta, horrez gain, ikertaldeak lan hau Palmako Ideoling kongresuan aurkeztuko duela, datorren urriaren 18an.