Ohi duen legez, Euskaltzaindiak aurten ere bisitatu du Nafarroa Oinez antolatzen duen ikastola. Zangozako ikastolari egokitu zaio 2024ko jaialdiaren antolakuntza.
Goiz heldu dira Zuzendaritzako kideak Zangozara, eta 10:00etan batzartu dira udaletxean. Ondoren, ikastola osatzen duten udaletako kideek eta tokiko mankomunitateko ordezkariek harrera egin diete euskaltzainei. Ordezkarien artean izan da Javier Solozábal Zangozako alkatea, Carlos Arecelus Zangozako ikastolaren lehendakariarekin eta Nagore Telletxea zuzendariarekin batera.
Solasaldi eta opari-trukearen ostean -tartean, Sixto Jimenez historialariaren Zangozaldea: ibilbide historiko bat liburua-, ikastolara hurbildu dira Euskaltzaindiaren ordezkariak, eta bertan ikasleekin eta irakasleekin mintzatu dira, gaztetxoen galdera zirikatzaileak erantzun dituztela, gogo onez. Ikasgeletako bisitak bukatu eta jolastokira atera dira denak; bertan, ikastolako zenbait ikaslek potxa edo babarrun-zakuto bana oparitu diete euskaltzainei.
Piztu eta ekin
Piztu! da 2024ko Nafarroa Oinez-en leloa eta aditzaren adiera guztiekin jostatu nahi da, ekimenaren lau helburu nagusiekin bat egiteko. Piztu (sustatu) kalitatezko hezkuntza, eta, aldi berean, euskarari bultzada ematen jarraitu. Piztu (suspertu) auzolana, piztu (sortu) baliabideak, eta, amaitzeko, piztu energia garbien etengailua (piztu irudimena energia aurrezteko). Horrela adierazi dute behin eta berriz ikastolako arduradunek.
Guztira, hiru Nafarroa Oinez antolatu dira aurretiaz Zangozan. Lehenengoa, 1987an, egungo ikastolaren eraikina sortzeko baliatu zena. 1998an egin zenari esker, erreformak egin ziren, eta 2005ean Haur Hezkuntzako eraikina altxatu zen. Beraz, urriaren 20an ospatuko dena laugarren Nafarroa Oinez izango da udalerrian.
Zangozako ikastola
Aurten, 45 urte beteko ditu Zangozako Ikastolak, eta jada ez da herri bakarreko proiektua, eskualdeko 13 herrira zabaldu den ekimena baizik. Horrela, 159 ikaslek, 109 familiak eta 26 profesionalek osatzen dute Ikastola.