Urteroko ohiturari jarraituz, Euskaltzaindiak Nafarroa Oinez antolatzen duen ikastola bisitatuko du datorren astean. Honela, irailaren 20an hurbilduko dira Akademiaren ordezkariak Zangozara, eta herriko udaletxean eginen dute Zuzendaritzaren batzarra, goizez. Ondoren, ikastola osatzen duten udaletako ordezkariek eta tokiko mankomunitateko ordezkariek harrera egingo diete euskaltzainei. Ordezkarien artean izanen da Javier Solozábal Zangozako alkatea, Carlos Arecelus Zangozako ikastolaren lehendakariarekin batera.
Solasaldi eta opari-trukearen ostean, ikastolara joango dira euskaltzainak, eta bertan ikasleekin eta irakasleekin mintzatuko dira. Ikasgeletako bisitak bukatutakoan, jolastokira aterako dira denak eta ikastolako zenbait ikaslek potxa edo babarrun-zakuto bana oparituko diete euskaltzainei.
Piztu eta ekin
Piztu! da Nafarroa Oinez 2024ko leloa eta aditzaren adiera ezberdinekin jolastu nahi da, lau helburu nagusiekin bat egiteko. Piztu (sustatu) kalitatezko hezkuntza, eta, aldi berean, euskarari bultzada ematen jarraitu. Piztu (suspertu) auzolana, piztu (sortu) baliabideak, eta, amaitzeko, piztu energia garbien etengailua (piztu irudimena energia aurrezteko). Horrela adierazi dute behin eta berriz ikastolako arduradunek.
Guztira, hiru Nafarroa Oinez antolatu dira Zangozan. Lehenengoa, 1987an, egungo ikastolaren eraikina sortzeko baliatu zena. 1998an ospatu zenari esker, erreformak egin ziren, eta 2005ean Haur Hezkuntzako eraikina sortu zen. Azkeneko Nafarroa Oinez 2014an antolatu zen, eraikin berriaren obraren gastuei aurre egiteko. Beraz, urriaren 20an ospatuko dena laugarren Nafarroa Oinez izango da.
Zangozako ikastola
Aurten 45 urte beteko ditu Zangozako Ikastolak, eta jada ez da herri bakarreko proiektua, eskualdeko 13 herrira zabaldu den ekimena baizik. Horrela, 159 ikaslek, 109 familiak eta 26 profesionalek osatzen dute Ikastola.