Irailekoak egitasmoari esker, Itsasuko herria euskal poesiaren hiriburu bilakatuko da bi egunez, hain zuzen, irailaren 28an eta 29an. Euskaltzaindiak, literaturari dion atxikimendua adierazte aldera, poesiari eskainitako asteburu bat antolatuko du bigarrenez Lapurdiko txoko eder horretan. Itsasuko Herriko Etxearekin batera egin du, Euskararen Erakunde Publikoaren eta Euskal Kultur Erakundearen babesarekin.
Aurtengo jaialdia (iazkoa Lekeition antolatu zen) irailaren 28an, egun osoz, eta 29an, goizez, izango da, eta olerkari, musikari, itzultzaile eta ikertzaile ugarik parte hartuko du bertan. Egitasmoaren nolakotasunak Andres Urrutia euskaltzainburuak laburbildu ditu gaur, Euskaltzaindiaren Ipar Euskal Herriko ordezkaritzan eginiko prentsaurrekoan: «Irailekoak-en helburuak ez dira aldatu: euskal poesia sustatu eta euskal poetei beste plaza bat eskaini —plaza bizi eta erakargarri bat— beraien lanak ezagutarazteko». Bestetik, zera azpimarratu nahi izan du Urrutiak, hots, Euskaltzaindiak euskal kultura sustatzeko duen joera berezkoa: «Norbaitek esan lezake honelako ekintzak antolatzea ez dela Euskaltzaindiaren funtzio berezkoa, printzipioz berari dagokionari ekin beharko liokeela, hau da, hiztegigintzari, lexikografiari, toponimiari eta abarri... Eta horretan bagabiltza. Baina gogoratu behar da, baita ere, Akademiak betidanik izan duela euskal kultura sustatzeko bokazioa eta grina, bere hastapeneko helburuetatik gaurdaino. Euskal Herriko Bertsolarien sei txapelketa nagusi antolatu zituen bere garaian Akademiak; besteak beste, EIZIEren eta Euskal Idazleen Elkartearen sorrerak bultzatu zituen, euskarazko lehen agiriak banatu zituen, eta abar. Beraz, erabat naturala da Euskaltzaindiarentzat Irailekoak bezalako egitasmo bat antolatu eta sustatzea. Beste horrenbeste esan daiteke Bilbon antolatzen dugun Lautan Hiru antzerki-jaialdiari buruz ere».
Mizel Hiribarren Itsasuko auzapeza ere pozik agertu da Baionan egin den prentsaurrekoan: «Ongi etorri Itsasura 2024ko Irailekoei. Harrotasunez hartzen zaituztegu. Agian, gure errekek, harriek eta herritarrek eskainiko dizuete oihartzunik sentikorrena. Gure plazak hor dituzue lehengo eta biharko olerki zahar eta berrien portu».
Okzitanierazko literatura eta Alidé Sansen kontzertua
Itxaro Borda euskaltzain osoak azaldu ditu egitarauaren nondik norakoak, eta nabarmendu du sarrera libre eta doakoa izango dela ekitaldi guztietara: «Lehenengo egunean, irailak 28 dituela, Ipar Euskal Herriko poesiaren nondik norakoak aztertuko ditu Katixa Dolhare-Zaldunbide irakasleak, Sanoki gelan. Hitzaldi mamitsu eta zinez interesgarria izanen da. Ondoren, Itsasuko Gaineko plazan, poesia-irakurraldia izanen da Anjel Erro, Maddi Sarasua eta Harkaitz Canorekin, ekitaldia Pantxix Bidarte musikariak girotuko duela. Arratsaldean, Munduko Poesia Kaierak (Susa argitaletxea) egitasmoari emango zaio bide, emanaldi ibiltari batekin. Egun berean, baina gauez, kontzertu bikoitza antolatu dugu, hain zuzen, Maddi Oihenart eta Jérémie Garatek eta Alidé Sansek emango dutena. Itsasuko elizan izanen da, eta azpimarratu behar dut Alidé Sansek estreinakoz ematen duela kontzertu bat Euskal Herrian, beraz, beste aitzakia eder bat asteburu horretan Itsasura hurbiltzeko».
Azkenik, Itxaro Bordak gogoratu du Irailekoak-en euskal poeten lana gizarteratu nahi dela batez ere, baina beste bazter batzuetako poeten lana ahantzi gabe: «Zentzu horretan, mintzaldi interesgarria emango du Sergi Javaloyes idazle eta itzultzaileak Itsasuko haurtzaindegian (Elizaldean), bertan okzitanierazko literatura aztertuko duela sakonki. Ondoren, irakurraldi elebiduna izanen da toki berean, Aurelia Lassaca poeta okzitaniarraren eta Coralie Nazabal musikariaren eskutik».
SERGI JAVALOYES (1951)
Aljeriako Oranen sortu idazleak bere haurtzaroa eta bizi gehiena Nay aldean pasatu du. Bearnesa bertan ikasi zuen. L’ora de partir edo Partitzeko tenorea nobelarekin egin zen ezagun 1997an eta literaturaren alor asko jorratu ditu, itzulpena eta poesia bereziki. Luzaz Calendreta eskola elkartearen presidente izan zen. L’homme est un ours qui a mal tourné (2022) edo Gaizki bihurdikatu den hartza da gizakia izeneko bere azken eleberria frantsesez publikatu du In-8 argitaletxean.
AURELIA LASSACA (1983, Okzitanoa)
1983an, Tarn eta Garona departamenduan sortua eta bizi den Aurelia Lassacak poesia idazten du okzitanoz eta frantsesez. Literaturako bere doktore tesia eskaini dio okzitanozko XVII mendeko antzerkiari. Hainbat festibaletan parte hartu du munduan zehar. Musikari askoren laguntzaz agertzen da taula gainetan. Bere liburu gehienen edizio elebidunak Bruno Doucet etxean aurkitzen ahal dira, hala nola 2023an Frontières/Mugak izeneko antologia.
Jarduera osagarriak
Itsasun poesiari presentzia handiagoa emateko, udaldian garai eta geografia askotako egileen bertso-lerroz jantzi dira herriko erakusleihoak eta Herriko Etxea bera. Tartean, Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, José Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suárez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edo Alejandra Pizarnik-en bertsoak erakutsi dira. Gainera, eta iraileko egun horietan egindakoaren lekukotza jasotzeko, Iraileko paperak aldizkariaren bigarren zenbakia plazaratuko da, «oroigarri intelektual-poetiko gisa». Aurten, Christine Etchevers margolariak edertu du jaialdian parte hartzen duten poeta eta ikusleen artean banatuko den argitalpen hori.