Jose Antonio Aduriz hizkuntzalari eta ohorezko euskaltzaina hil da
- Hileta-elizkizuna ostegunean izango da, 19:00etan, Tolosako San Frantzisko parrokian.
- Andres Urrutia (euskaltzainburua): «Aduriz ohorezkoaren heriotzaren unean, bi hitz datozkit burura: leialtasuna eta apaltasuna. Asko zor dio Euskaltzaindiak, eta Euskaltzaindiaren hiztegiak bereziki. Langile fina eta asperrezina zen Jose Antonio, euskal lexikografiaren habe gotorra».
- Miriam Urkia (Euskaltzaindiaren Iker sailburua eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduraduna): «Euskaltzaindiaren Hiztegia aurrera eramateko ardura izan zuen euskaltzaina izan zen Aduriz, haren isileko lanari esker gaude gaur gauden tokian».
- Oiartzunen jaio zen 1949ko azaroaren 1ean eta Deustuko Unibertsitatean egin zituen Euskal Filologiako ikasketak. Frantziskotarra eta Jakin taldeko kidea, UZEIn eman zuen lan ibilbidearen zatirik handiena. Euskaltzaindiaren hainbat egitasmotan parte hartu eta ekarpen garrantzitsuak egin zituen, besteak beste, Akademiaren hiztegia osatzeko irizpideen sisteman. 1991ko urtarrilaren 31n euskaltzain urgazle izendatu zuen Akademiak eta 2018ko apirilaren 27an ohorezko euskaltzain.
- Batzorde anitzetan egin zuen lan Akademian. Besteak beste, honako hauetan: Lexiko Irizpideen batzordean, Egungo Euskeraren Bilketa Sistematikoaren batzordean, Hiztegi Batuko lantaldean eta Euskaltzaindiaren Hiztegiko lantaldean.
Idatzi iruzkina