Labayru Fundazioak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur Akademiaren egoitzan. Hitzarmenaren eskutik, ondorengo bost urteetan erakundeok lankidetza-proiektu zehatzak bideratu eta garatuko dituzte, euskararen eta euskal kulturaren inguruko irakaskuntza, ikerketa eta pedagogiaren eremuan.
Batetik, argitalpen hauek aurreikusi dira, betiere, diru-baliabideak lortzen diren neurrian:
- Esaera zaharrak (Adolfo Arejita). Adolfo Arejitak hainbat esaera aztertu ditu, jatorria, esangura, erabilera eta testuinguruaren arabera.
- Faksimila (J. M. Zabala). Juan Mateoren lana faksimil erara argitaratzea aurreikusi da, Adolfo Arejitak ondutako sarrerarekin osatuta.
- Euskerazko dotrinak. II. Gipuzkeraz (Jose Maria Rementeria). Rementeriak egindako biltze-lana oinarritzat hartuta, lehen Bizkaiko materialekin egin zen moduko argitalpena atonduko da.
- Urte urdin ihesak nork lekuskez (Angel Ugarteburu). Angel Ugarteburuk memoria nobelatu modura idatzitako lana da.
Bestetik, Labayru Fundazioaren materiala Euskararen Erreferentziazko Corpusean egin behar diren azterlanak egiteko erabiliko du Euskaltzaindiak. Honela, eta hitzarmenak jasotzen duen moduan, Labayru Fundazioak 2000tik hona sorturiko euskarazko edukia baliatuko luke Euskaltzaindiak, egun daukan corpusa aberastuz. Besteak beste, Akademiak araugintzaren bilakaera aztertzeko, beharrak antzemateko eta Euskaltzaindiaren Hiztegia aberasteko baliatzen du corpus hau. Corpus honen xedea da Euskaltzaindiak dauzkan ahozko zein idatzizko edukiak biltzen dituzten datu-baseak aberastea ere. Jakina denez, Euskaltzaindiaren datu-baseek hainbat hedabidek, argitaletxek eta erakundek euskaraz sortutakoa (ahoz nahiz idatziz) jasotzen dute, corpusaren oinarri bihurtuz.
Horrezaz gain, Labayru Fundazioak eta Euskaltzaindiak elkarri euren irakaskuntza- eta ikerketa-ondareak erabiltzeko aukera emango diote, eta, bereziki, euren artxibategi eta bibliotekak erabiltzeko aukera. Azkenik, bi erakundeak lankidetzan arituko dira ikastaroak eta programak sortu eta egin daitezen, euskarari eta euskal kulturari dagozkien eremuetan. Era berean, erakunde biak elkarlanean arituko dira, euren biblioteketako euskal funtsak sendotzeko.
Euskararen corpusak gizarteratu
Hitzarmena sinatu ostean, Igone Etxebarria Labayru Fundazioko zuzendariak gogoratu du Labayru Fundazioak 50 urtean euskara eta euskal kultura batzeko eta zabaltzeko hainbat egitasmo egin dituela, eta azpimarratu du lan horrek hainbat fruitu eta emaitza izan dituela, «tartean corpus handiak, dela ahozko hizkuntzakoak, dela literaturakoak». Baina Etxebarriak argitu nahi zan du Labayruren helburua ez dela hori guztia gordetzea, berriz gizarteratzea baizik: «Horregatik, guk daukaguna gizartearentzat da, eta Euskaltzaindiarekin egindako hitzarmen honen bitartez bide ezinhobea hartuko du ondare horrek; transmisioaren bidea hain zuzen ere. Denok ari gara euskararen alde, bakoitza bere sorlekutik eta bere helburuekin, baina denon lana da beharrezko euskararen mundua aberas dezagun eta aurrera egin dezan».
Andres Urrutia euskaltzainburuak aitortu du Euskaltzaindiak eta Labayru Fundazioak aspaldiko harremanak dituztela, «izan ere, bi erreferentzia garrantsitsu eta esanguratsuak dira euskararen alorrean, batez ere, Bizkaia aldean. Bi-biok arduratzen dira euskaraz eta euskal kulturaz. Horrexegatik da onuragarri aspaldiko hori hitzarmen batean jasotzea, horrela bat egiten dugulako herriak eman dizkigun hizkuntza eta kultura herriari itzultzen, herri-ondare dena aberasteko asmoarekin». «Euskarak kolore asko ditu eta horien barruan Labayru Fundazioak lantzen diharduena, hain zuzen ere, Bizkaikoa, ezinbestekoa da gaurko euskara standarra moldatzeko bidean -adierazi du Urrutiak-. Dakigunetik ez dakigunera esan ohi zuen Mikel Zarate euskaltzainak, Labayruren aldezle sutsuak, eta Dakiguna mundu zabalera eraman, esan genezake gaur ahots batez Euskaltzaindiak eta Labayru Fundazioak, elkarlana sustatuz euskara eta euskal kulturaren inguruan».