Aldika-aldika egin ohi duen eran, JAGONET kontsulta-zerbitzuko datu-basea eguneratu du Euskaltzaindiak: 52 fitxa berri eskegi ditu, zalantza lexiko, ortotipografiko, onomastiko eta morfosintaktikoekin.
Aldi berean, lehendik zeuden fitxetarik 10 aldatu egin behar izan dira, Euskaltzaindiak azken bi urteotan onartu eta argitaraturiko azken arauetara egokitzeko haiek; alegia, laburtzapenei buruzko 196. arauarekin, sinboloei buruzko 197. arauarekin eta letra-estiloen 198. arauarekin bat etortzeko.
Momentu honetan, JAGONETek hizkuntzari buruz herritarrek bidalitako galderei emaniko erantzunen 890 fitxa adierazgarri dauzka sarean kontsultatzeko moduan: 2020ra arteko 686ei, 80 erantsi zitzaizkien 2022an, beste 72 fitxa 2023an eta, oraingoan, 2024an, beste 52.
JAGONET
JAGONET hizkuntzaren gaineko kontsulta-zerbitzu bat da, Akademiak Internet bidez herritarren esku jartzen duena. Zerbitzuaren helburua da euskararen erabilera zuzena eta egokia sustatzea, eta haren ardura hizkuntza-argibideak plazaratzea eta herritarrek hizkuntzari buruz bidalitako galderei erantzutea.
Bi bide ditu erabiltzaileak hizkuntza-zalantzak argitzeko: horiek datu-basean bilatzea eta, erantzunik aurkitu ezean, galdera egitea.