Euskaltzaindiak bere webgunean kargatu du HIZTEGIA I - Français-Eüskara. Züberotar eüskalkitik abiatzez hiztegiaren bertsio elektronikoa. Sü Azia elkartearen eta Akademiaren arteko elkarlanaren emaitza da hiztegia ezagutarazteko ahalegin berri hau.
1990. urtean Aita Junes Casenave-Harigilek HIZTEGIA I - Français-Eüskara. Züberotar eüskalkitik abiatzez hiztegia argitaratu zuen. Arrakasta handia izan zuen argitalpenak eta berehala agortu zen. Allande Socarros zenaren aholkua jarraituz eta eskaera zabal bat betetzeko, bereziki gazteriaren aldetik, Sü Azia elkarteak xedetan zuen hiztegi horren berrargitalpena, gaurkotua, eduki mailan zein idazketa mailan. Berrargitalpen hori 2023. urteko urtarrilean plazaratu zen.
Orain, jatorrian paperean argitaratu zen hiztegia baliabide elektroniko bihurtu da, argitalpena Internet bidez edozeinen eskura jarriz. Hiztegiaren eduki osoa kontsultagarri dago, eta bilaketa tresna errazak eta azkarrak eskaintzen dira:
- Sarrera-buruen araberako bilaketa.
- Ordainetan bilaketa.
- Zerrenda alfabetikoak.