Euskararen Gogoetagunea (I) argitalpena aurkeztu du gaur Euskaltzaindiak Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Laboral Kutxarekin batera. Prentsaurrekoan izan dira Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, Andres Urrutia euskaltzainbura, Nuria Agirre Laboral Kutxako Pertsona eta Baliabideen saileko zuzendaria eta Jon Sarasua Euskararen Gogoetagunea proiektuaren koordinatzailea.
Euskararen Gogoetagunea proiektua 2022an aurkeztu zuen Euskararen Akademiak. Ordutik, Euskaltzaindiaren Jagon saila arduratu da egitasmoaz, eta hizkuntza komunitatearen diagnostikorik finenak eta pentsabiderik onenak arrago batera biltzea du xede, ikuspegi desberdinak elkarrizketan jartzeko moduko sinesgarritasunez.
Honela, argitalpen berrian Gogoetagunearen ezaugarriak azaltzen dira, orain arte egitasmoak emandako emaitzekin batera, hain zuzen: Olatz Altunak eta Jon Aizpuruak paratutako Euskararen egoera soziolinguistikoa: ikuspegi orokorra ponentzia, eta Jon Sarasuak ondutako Euskararen etorkizun-ikuspegia (euskararen egoeraren diagnostikoaren sintesia) ponentzia.
Agerpenean, Eider Mendoza diputatu nagusiak eskerrak eman dizkie Gogoetagunearen lehen argitalpena ontzeko lanean aritu diren adituei eta egitasmo honen garrantzian jarri du azpimarra. «Euskararen biziberritze prozesua apalaldi batean sartzeko arriskuaz ohartarazten ari dira adituak eta, testuinguru horretan, lehen mailako garrantzia du espazio honek. Ikuspegi anitzak, epe luzeko begirada dutenak, partekatuz eta aurrera begira eman beharreko lehentasunak ezarriz, euskararen erabilera indartzeko ekiteko koordenatuak ezartzen ari garelako elkarlanean», nabarmendu du. Hori horrela, Aldundiaren konpromisoa berretsi du Gogoetaguneak markatzen dituen «koordenatu horiek gure egin eta elkarlanean norabide horretan ekarpena egiteko», beti ere, «elkarlan ikuspegi batetik eta berritzaile izateko bokaziotik».
Bere aldetik, Andres Urrutia euskaltzainburuak gogorarazi du Euskaltzaindiaren zereginetako bat dela «euskara jagotea eta aitzinatzea, eta, hain zuzen, Gogoetagunean euskarak bizi duen egoera aztertzen ari gara, gero hausnarketa horiek gizarteari eta erakundeei eskaintzeko».
Nuria Agirre Laboral Kutxako Pertsona eta Baliabideen saileko zuzendariak esan du euskarak elkarlanerako beste aukera bat eman diola erakundeari, eta aletu ditu azken urteotan Laboral Kutxak euskararen alorrean eginiko ahalegin garrantzitsuak, tartean, langile euskaldunen artean sortu duten sarea. Ondoren, aitortu du Euskararen Gogoetagunea behar-beharrezkoa dela «etorkizunean euskarari argi bat egiteko, oso garrantzitsua baita egungo egoera aztertu eta etorkizunaz hausnartzea».
Jon Sarasua Euskararen Gogoetagunea proiektuaren koordinatzaileak orain arte eginikoak aletu ditu bere mintzaldian, eta bigarren argitalpen batek zer ekarriko duen ere aurreratu nahi izan du: «Euskararen etorkizun-ikuspegi artikulatua osatzeko ariketan pausoak eman ditu Euskararen Gogoetaguneak 2022tik hona. Abiapuntuko bi ponentzia landu, kontrastatu eta argitaratu ditu. Batetik, egoeraren diagnostikoaren ponentzia, eta bestetik, etorkizun-ikuspegiaren ponentzia sintetikoa. Ponentzia sintetiko honen ondoren, beronetan aipatzen diren arlo eta adarren garapena egiten duten ponentziak martxan dira, batzuk jadanik landuak eta kontrastatuak, eta beste batzuk lantze-bidean. Administrazioaren etorkizun-ikuspegiari buruzkoa, hedabideen etorkizun-ikuspegiari buruzkoa eta helduen euskalduntzearen etorkizun-ikuspegiari buruzkoa landuta daude, eta haiek osatuko dute hurrengo argitalpena. Horiekin batera, beste arlo batzuetako ponentziak abiatuta daude, arlo horietako adituen eskutik».