Euskaltzaindiak 2023ko irailaren 29an izendatu zuen euskaltzain oso Asun Garikano. Eta gaur, hizkuntzalariak sarrera-hitzaldia irakurri du Gasteizko Goiuri jauregian. Andres Alberdi euskaltzain osoak erantzuna eman dio.
Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Maider Etxebarria Gasteizko alkate andreak ongietorria egin diete bertaratutakoei eta, ondoren, Gasteiz Kantuz abesbatzak musika tanta bat erantsi dio ekitaldiari, Araban bagare kantatuz. Aurrerago, eta Asun Garikanori harrera eginez, bigarren abesti bat ere kantatu dute (Kontraspas). Ondoren, Asun Garikanok sarrera-hitzaldia (Mendi-zelaiak estali baino lehen) irakurri du. Hitzaldiaren muina, Euskaltzaindiak aste honetan online argitaratu duen Noeren ontzia egitasmoa izan da; hain zuzen, «euskal kulturan barrena nabigatzeko aukera emango duen» proiektua dela esan du Garikanok eta horren nondik norakoak zehaztu ditu. Euskaltzaindiak, gazteen artean den euskal kultura-ondarearen gaineko ezagutza urriaz eta haien irakurmenaren gainbeheraz kezkatuta, eta, ildo beretik joanda, euskal kultura lantzeko material didaktiko adostu baten hutsunea zegoela ikusirik, Noeren ontzia proiektua mamitu eta plazaratu du asteon. Esan bezala, euskal kulturaren «itsasoan» zehar ibiltzeko tresna digitala da, eta Euskaltzaindiaren webgunean denon eskura dago jada.
Asun Garikanok kezka horiek guztiak aipatu ditu sarrera-hitzaldian, eta ondoren goitik behera aletu ditu proiektu berriaren nondik norakoak, tartean, Noeren ontziaren helburuak: «Irautea eta zabaltzea merezi duten testuak ari gara jasotzen Noeren ontzian», esan du Asun Garikano euskaltzain oso eta egitasmoaren koordinatzaileak, «gero eta beharrezkoagoa baita euskarazko kultura-produktuak erakusleihoetara eramatea, eta, bereziki, gazteen eskuetara. Gure literatura-ondarea, eta kultura-ondarea oro har, hurrengo belaunaldiei pasatu nahi badiegu, beharrezkoak diren baliabide guztiak jarri beharko dira hezkuntza-komunitatearen eskura». Hortaz, Noeren ontziaren helburuak argi daude: «Lehenengo helburua gure aurrekoen ondarea jasotzea da. Ez bakarrik euskaraz dagoelako, baizik eta, Koldo Mitxelenaren hitzak aipatuz, “sakonagoko zerbait” adierazten duelako».
Baina badu Noeren ontziak beste helburu bat ere, irakurmenarekin estuki lotua dagoena, eta horrela azaldu du euskaltzain osoak gaurko hitzaldian: «Denok dakigu azken urteetako PISA eta PIRLS probetan emaitzak kaskarrak izan direla irakurmenaren atalean. Horren aurrean, 2018an Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Euskadiko Irakurketa Plana argitaratu zuen Heziberri 2020 hezkuntza-eredu pedagogikoaren barruan. Bertan, “askotariko testuak” nahiz lexikoa lantzearen beharra azpimarratzeaz batera, ikastetxe bakoitzak bere irakurketa-plana diseinatzeko edo eguneratzeko pausoak zehazten ziren. Irakurgunea webgunea ere zabaldu zen, eduki guztiak bertan kokatzeko. Plan horretan, ordea, behar-beharrezkoena falta zen: “askotariko testu” horiek ez ziren inon ageri. Falta zen, hain zuzen ere, Noeren ontzian jasotzen ari garena: estilo, erregistro, tonu desberdinetako testuak».
Baina, testuez gain, gaiarekin lotutako ikonografiak ere (grabatuak, argazkiak, marrazkiak, mapak, grafikoak…) garrantzi berezia du proiektu berrian. Zenbaitetan, irudi horiek ez dira testuaren apaingarri hutsa izango, baizik eta testuaren edukiarekin batera aztertu beharreko elementuak. Eta hori ere nabarmendu nahi izan du bere berbaldian Garikanok: «Bai, bestelako “erremintak” ere izango dira. Behin entzun nion irakasle bati bere irakasgaian euskal curriculuma txertatzeko, “erreminta-kutxa” bat behar zutela, era guztietako tresnak izango zituena: irakurgaiak, bai, baina baita bideoklipak, audioak, dokumentalak eta abar ere. Ideia horrekin bat eginez, Noeren ontziko testu asko multimodalak izango dira».
Egitasmo berria norentzat sortu den ere azaldu du euskaltzainak; batez ere, DBHko eta Batxilergoko ikasleak gogoan hartuta atondu da Noeren ontzia, baina unibertsitateko ikasleentzat ere baliagarria izan nahiko luke, baita euskaltegi zein hizkuntza-eskolentzat, ikasmaterialak prestatzen diharduten Berritzegune eta argitaletxeentzat, edota Irakurketa Plana hezurmamitu behar duten ikastetxeentzat ere. «Esaterako —argitu du Garikanok—, eman dezagun historia irakasle batek Bigarren Mundu Gerrari buruzko testu bat nahi duela, gelan irakurtzeko: bilatzailean «Bigarren Mundu Gerra» idatzi, klik egin, eta garai horri buruzko artikuluak, kronikak, testigantzak, bertsoak aurkituko ditu.
Honela bada, Noeren ontziak sei ataletan banatuta ekarriko ditu testuak: Historia, Herri-kultura, Hizkuntza, Literatura, Ahozko Literatura, Gaurko Gizartea eta Abestiak atalotan.
Andres Alberdi euskaltzain osoak Noeren ontziaren uberaren arrastoan titulupeko hitzaldiarekin erantzuna eman dio Asun Garikanoren sarrera-hitzaldiari. Garikanoren datuak eta merezimenduak izan ditu hizpide hitzaldiaren lehen partean. Bigarrenean, Garikanok buru egiten duen Euskaltzaindiaren Noeren ontzia izeneko proiektuak eragin dizkion gogoeta batzuk harilkatu ditu. «Ilusioz hartu da proiektua, baina ezin ahaztu liteke eskolak erronka handia duela; are gehiago azken amets eta helmuga, ikasle euskaldun osoak eta euskaltzaleak ateratzea bada», azaldu du Alberdik.
Hitzaldien ostean, musikak ere bere tokia hartu du ekitaldian, Iruten ari nuzu kanta herrikoia interpretatu baitute Miren eta Maddi Garikano eta Lierni eta Larraitz Ugartemendia musikariek.
Ondoren, euskaltzain berriak karguaren zina egin du —«Euskaltzaindiaren xede eta helburuei eta euskaltzain izateari dagozkien eginkizunak zintzo eta leialki beteko ditudala neure hitza ematen dut» betiko formulari eutsiz— eta euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jaso ditu euskaltzainburuaren eskutik.
Asun Garikano Iruretagoiena (Tolosa, 1962). Euskal Filologian lizentziaduna. Gasteizko IRALEko irakasle eta Eusko Jaurlaritzako EIMAko kide izandakoa. Ameriketako euskaldunei buruzko bi libururen egilea ere bada: Far Westeko Euskal Herria (Pamiela, 2009) eta Kaliforniakoak 1533-1848 (Pamiela, 2013). Itzultzaile gisa, ingelesetik euskarara itzuli ditu Robert Louis Stevensonen, William Faulknerren, John Steinbecken, Patricia Highsmithen eta beste zenbait egileren lanak; euskaratik gaztelaniara, berriz, Bernardo Atxagaren obra guztiak. Edizio-lanaren arduradun izan da Garziarena aldizkarian (1992-1994) eta Euskaltzaindiaren Erlea aldizkarian (2009-2016). Halaber, Bernardo Atxagaren euskarazko eta gaztelaniazko obra guztien edizioaz arduratu da. Gaur egun, Euskaltzaindiak aurten bertan abian jarritako Testu-bankua proiektua gidatzen du. Batez ere hezkuntza-komunitateari zuzendutako egitasmo horrek, euskal dimentsioarekin lotutako testu hautatuez jantziko du hezkuntza-curriculuma, gaurko eta lehenagoko testuez, lau esparrutan banatuta eurok, Historia, Hizkuntza, Literatura eta Gaurko Gizartea ataletan.