Euskaltzaindiak atari digital berria jarri du euskal gizartearen esku: Noeren ontzia. Baina, zer da Noeren ontzia? Bada, memoria literario komun bat osatzeko ahalegina. Garai eta euskalki guztietako testu hautatuak eskainiko ditu, euskaraz sortuak edo beste hizkuntza batzuetatik euskarara ekarriak. Irakurleak gaurko grafiaz eta morfologiaz aurkeztuta aurkituko ditu, eta jatorrizko testura jotzeko aukera ere izango du. Testuok online egongo dira, profesionalki editatuta, ilustratuta argazki edo bestelako irudiekin, hornituta bertsio musikal batera edo film batera eramango duten estekekin, eta, noski, etiketatuta, erabiltzailea erraz irits dadin haietara.
Norentzat sortu da Noeren ontzia? DBHko eta Batxilergoko ikasleak gogoan hartuta diseinatu da batez ere, baina baliagarria izan nahiko luke unibertsitateko ikasleentzat eta euskaltegi zein hizkuntza-eskolentzat, eta baita ikasmaterialak prestatzen diharduten Berritzegune eta argitaletxeentzat ere, edota Irakurketa Plana hornitu nahi duten ikastetxeentzat. Esaterako, eman dezagun Historia irakasle batek Bigarren Mundu Gerrari buruzko testu bat nahi duela, gelan irakurtzeko: bilatzailean ‘Bigarren Mundu Gerra’ idatzi, klik egin, eta garai horri buruzko artikuluak, kronikak, testigantzak, bertsoak aurkituko ditu.
Bestalde, euskaldunon bizimodua zer izan den jakiteko, kanpotarrek gutaz idatzi dutenari erreparatu beharra dago, eta hori ere jasoko da Noeren ontzi honetan.
Beraz, idazki mota asko, genero guztietakoak, jasoko ditu Noeren ontziak, ez literarioak bakarrik: elkarrizketak, testigantzak, gutunak, bando-, panfleto- edo mitin-zatiak edota prentsa-artikuluak (Gasteizko Martxoaren 3ko gertakarien lekuko izan zen Juan Jose Zearretak aste hartan bertan Anaitasunan argitaratutakoa, esate baterako)… Testu esanguratsuak betiere, historialari batek bere ikerketa-lanetarako aintzat hartuko lituzkeenak, eta irakasleari, mikrohistorietatik abiatuta, makrohistoriaren edo historia orokorraren kontzeptuak lantzeko baliatuko zaizkionak.
Honela, sei ataletan banatuta egongo dira testuak: Historia, Herri-kultura, Hizkuntza, Literatura, Ahozko Literatura, Gaurko Gizartea eta Abestiak.
Noeren ontzia: helburuak
“Irautea eta zabaltzea merezi duten testuak ari gara jasotzen Noeren ontzian”, esan du Asun Garikano euskaltzain oso eta egitasmoaren koordinatzaileak, “gero eta beharrezkoagoa baita euskarazko kultura-produktuak erakusleihoetara eramatea, eta, bereziki, gazteen eskuetara. Gure literatura-ondarea, eta kultura-ondarea oro har, hurrengo belaunaldiei pasatu nahi badiegu, beharrezkoak diren baliabide guztiak jarri beharko dira hezkuntza-komunitatearen eskura”. Hortaz, Noeren ontziaren helburuak argi daude: “Lehenengo helburua gure aurrekoen ondarea jasotzea da. Ez bakarrik euskaraz dagoelako, baizik eta, Koldo Mitxelenaren hitzak aipatuz, sakonagoko zerbait adierazten duelako”.
Baina badu Noeren ontziak beste helburu bat, irakurmenarekin estuki lotua dagoena. “Denok dakigu azken urteetako PISA eta PIRLS probetan emaitzak kaskarrak izan direla irakurmenaren atalean. Horren aurrean, 2018an Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Euskadiko Irakurketa Plana argitaratu zuen Heziberri 2020 hezkuntza-eredu pedagogikoaren barruan. Bertan, askotariko testuak nahiz lexikoa lantzearen beharra azpimarratzeaz batera, ikastetxe bakoitzak bere irakurketa-plana diseinatzeko edo eguneratzeko pausoak zehazten ziren. Irakurgunea webgunea ere zabaldu zen, eduki guztiak bertan kokatzeko. Plan horretan, ordea, behar-beharrezkoena falta zen: askotariko testu horiek ez ziren inon ageri. Falta zen, hain zuzen ere, Noeren ontzian jasotzen ari garena: estilo, erregistro, tonu desberdinetako testuak”, argitu du Garikanok.
Baina, testuez gain, gaiarekin lotutako ikonografiak ere (grabatuak, argazkiak, marrazkiak, mapak, grafikoak…) garrantzi berezia du proiektu berrian. Zenbaitetan, irudi horiek ez dira testuaren apaingarri hutsa izango, baizik eta testuaren edukiarekin batera aztertu beharreko elementuak. “Bai, bestelako erremintak ere izango dira -azpimarratu du euskaltzain osoak-. Behin entzun nion ikasle bati bere irakasgaian euskal curriculuma txertatzeko, erreminta-kutxa bat behar zutela, era guztietako tresnak izango zituena: irakurgaiak, bai, baina baita bideoklipak, audioak, dokumentalak eta abar ere. Ideia horrekin bat eginez, Noeren ontziko testu asko multimodalak izango dira”.